Galdera

 

Nola esan behar da euskaraz 'brazo gitano'? Eta 'tostadora'?

 

Data: 2013/04/27



Erantzuna

 

 

brazo de gitano = ijito besoa (edo ijito-besoa); tostadora = txigorgailua.

 

 

 

Horrelako zalantza bat dugun bakoitzean, Elhuyar eta Zehazki hiztegietara jotzen dugu hitz arruntak direnean, eta Euskaterm terminologia bankura hitz teknikoak direnean. Bi horiek muga-mugan daudenez, hiruretan kontsultatu dugu (Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran dituzu, beste hiztegi askorekin batera, bi hiztegiok eta Euskalterm bera):

 

1/ Brazo de gitano

 

Zehazkin ez da ageri sarrera lexikaltzat, baina bai Elhuyarren: ijito-besoa.

 

Euskaltermen ere topatu dugu: · Brazo de gitano: ijito-besoa

 

Dena dela, tentuz ibili behar dugu Euskaltermen, gure azken urteotako historia honetan proposatu diren aukera guzti-guztiak biltzen baititu, zaharkituta geratu direnak edo desegokiak direnak ere bai; Euskaltermen bertsio gaurkotuan, berriz, forma batzuek “termino normalizatua/gomendatua” etiketa dute, eta badirudi horiexek hobetsi beharko genituzkeela. Bada, brazo de gitano = ijito-besoa terminoak horrelako etiketa du, eta hori dela-eta proposatu dizugu beldur gabe. Bide batez esanda: Termino normalizatu hori, esaterako, Hipermerkatuetako Produktuen Hiztegia delakoan ageri da. 2009an argitaratu zen hitz zerrenda hori, eta bertan topatu ditzakezu zurea bezalako zalantza askorentzako erantzunak, edo hurbilekoak.

 

Frantsesez, roulé esan liteke, eta Swiss roll ingelesez; baina seguru gaude bi berba horiek ez direla ijito besoari esateko bakarrik erabiltzen, baizik eta edozein pastel bilduri.

 

2/ Tostadora

 

Ez Elhuyarren eta ez Zehazkin ere, ez da ageri tostadora sarrera lexikaltzat, baina bai tostador: bietan, txigorgailu proposatzen da. Baita Euskaltermen ere; gainera, “termino normalizatua/gomendatua” etiketarekin: txigorgailua.

 

Frantsesez, grille-pain esaten da, eta toaster ingelesez.