Galdera

 

Kaixo, galdetu nahi nizueke zein den gaztelaniako esaldi hau esateko modurik egokiena: Creía que lo había apagado (el ordenador, hace un rato) = "Uste nuen itzali nuela" edo "Uste dut itzali dudala"; agian zuzenago honakoa da: "Itzali nuela uste nuen".


Baita ere zalantza dut honako honekin: Creía que estaba apagado = Itzalita zegoela uste nuen. Egokia al da? 

 

Data: 2013/05/02



Erantzuna

 

 

1/ Gure ustez, "Uste nuen itzali nuela" bada “Creía que lo había apagado” delakoaren itzulpen zuzena, baina pixka bat ezohikoa da osagarria (itzali nuela) aspektu burutuan joatea orain dela gutxi gertatu den zerbaiti erreferentzia egiten badio, behinik behin. Beraz, erabilera horrekin tentuz jokatzea aholkatzen dizugu.

 

Hau da: uste nuen… horrekin, askoz ere errazago egiten zaigu osagarriak ere aspektu ez burutua izatea:

 

Uste nuen askoz lehenago etorriko zinela.

Orain arte ez dizudala jaramonik egin?: uste nuen edonori esaten zeniola “maittia”.

 

Hori dela eta, askoz ere naturalagoak egiten zaizkigu zure bigarren proposamena bezalakoak:

 

Uste nuen itzalita neukala ordenagailua (Uste nuen itzalita zegoela)

 

Euskaltzaindiak Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-II (EGLU-II) lanean dioena aprobetxatuta idatzi dizugu orain artekoa; batez ere, 14. kapitulua (“Adizki jokatuen erabilera”). Dena dela, gehienbat iragan burutuaren gainekoa interesatzen zaigunez, hona aldatu dizugu zati bat (425. orrialdekoa):

 

"Gaur" eta "atzo" aditzondoen arteko denbora banaketa forma burutuari dagokio bakarrik. Beste perpaus hauek, beraz, ez dute ezer okerrik:


1. Patxik, hona zetorrela, egunkaria erosi du.

2. Goizean kanpoan nengoela deitu duzula jakin dut; zer nahi zenuen?

3. Eta arratsalde osoan hor egon al zara fitsik entenitu gabe? Nik uste nuen dena ulertzen zenuela.

4. Zertan ari zinen beste neska horiekin ikusi zaitudanean?

5. Hori esan dudanean, banekien ados egongo zinela.

6. Zer esan dizut etxetik atera zarenean? Ez zintezela berandu etor bazkaltzera.

7. Duela bi ordu, baietz esan nezakeen; baina orain, ez.

 

Gainera, badirudi testuinguru berezi batzuetan iragan burutua, aspektu perfektua adieraztean, gaurko gertakari bati buruz erabil dezakegula; adibidez:

 

Zer diozu, goizeko zortzietan gosaldu duzula?

Nik uste nuen hamaiketan jaiki zinela.

 

2/ Dakizunez, badaude bestelako egiturak ustea adierazteko, guztiz zuzenak eta asko erabiliak:


Itzalita neukalakoan nengoen / egon naiz

Itzali dudalakoan egon naiz

 

3/ "Uste dut itzali dudala" ere aipatu diguzu, eta guztiz zuzena da noski. Baina ez da “Creía que lo había apagado” delakoaren ordaina, “Creo que lo he apagado” delakoarena baizik. Beraz, gaztelaniaz bezala, bestelako testuinguruetan erabiltzekoa da.

 

4/ Idatzi diguzunagatik, susmoa dugu egokiago iruditzen zaizula uste nuen aditz nagusia amaieran ematea. Zer esanik ez, "Itzalita zegoela uste nuen" guztiz zuzena da, baina erne!: uste izan, jakin, irakurri, esan, adierazi, aditzera eman, pentsatu, azaldu, iruditu, ageri izan, ikusi, aitortu, erabaki, ohartu, galdetu, erakutsi, kontuan hartu, jakinarazi... eta antzeko aditzak aurreratzeko joera handia dugu euskaldunok, komunikagarritasunaren mesedetan. Beraz, ez izan beldurrik aditz nagusia aurreratzeko eta menderatua ondoren emateko, aditz horiekin eta haien parekoekin (batez ere menderatua luzea denean).