Galdera

 

Bi esaera zaharren esanahia: 'Azkar eta asko, astoak buztanpetik' eta 'Arin eta ondo, usoak hegan'.

 

Data: 2013/05/16



Erantzuna

 

Azkar eta asko, astoak buztan petik” eta “Arin eta ondo, usoak hegan” esapideak baliokideak dira, eta hau esan nahi dute:

 

Gauzak ongi egin nahi badira, ezin da presaka ibili”.

 

• Gotzon Garateren Atsotitzak euskal esaera zaharren bilduman, astoarena ez da ageri, baina bai usoarena, bizkaierazko aldaera batean:

 

“Arin da (eta) eraz (ongi), usuak egiten dau (h)egaz”;

 

baita horren baliokidea ere:

 

“Arin da (eta) ondo, ezin”.

 

Garaterenean, euskal atsotitzen gaztelaniazko, ingelesezko eta latinezko zenbait baliokide ere ageri dira; gure kasu honetan:

 

Gazt.: Vísteme despacio, que tengo prisa./ Pronto y bien, rara vez juntos se ven.

Ing.: Good and quickly seldom meet.

Lat.: Vix bene et cito.

 

• Beste informazio iturri bikain bat ere gomendatuko dizugu: Cervantes institutuaren Centro Virtual Cervantes, eta, haren barruan, “Refranero multilingüe” atala. Bertan topatu ditugu beste hauek ere:


Armiarmak, mantso-mantso (edo baratxe-baratxe) sarea.

Arrapaladan dabilena, arin kantsatu.

Azkar heldu nahi baduk, astiro joan.

 

Eta beste asko eta asko topatu ditugu gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, galegoz, italieraz… Ez dizkizugu hona ekarriko, zuk zeuk kontsultatu baitezakezu goiko estekan klik eginda. Seguru atsegin handia hartuko duzula! Baina utziguzu maite-maitea dugun bat (bat baino ez) aipatzen:

 

Chi va piano, va sano e va lontano (chi va forte, va alla morte).

 

• Kontu honekin amaitzearren: Mezua argiago uzteko, badaezpada, harako haren amamak esaten zuen:

 

“Arin eta ondo, usoak egiten du hegan…, eta, batzuetan, berak ere errementau (leher-leher eginda geratu)”.

 

Hark ere pentsatuko zuen arin eta ondo, edo arin eta asko, astoak buztan petik egiten duena baino ezin daitekeela egin: KK.