Galdera

 

Zelan esan euskaraz 'tú y yo'?

 

Data: 2013/05/16



Erantzuna

 

 

 

Zu eta biok da forma jatorrena mendebaldeko usadioan (eta deklinazio osoa, jakina: zuk eta biok, zuri eta bioi, zure eta bion…).

 

Dena dela, zu eta biok eta zu eta ni egitura biak dira zuzenak euskaraz; baina lehenengoa jatorragoa da nonbait, Euskaltzaindiak darabilen hitza baliatzearren. Hala dio, behintzat, bere Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I obran, 2.5. ataleko (“Izenordainen eta beste zenbait sintagmaren ezabaketaz”) B) puntuan (74.-75. orrialdeetan, estekatu dizugun argitalpenean):

 

«Perpausen lehen pertsona singularrarekin (nirekin) edo bigarren pertsona singularrarekin (hirekin edo zurekin) beste norbait agertzen bada, “…eta ni” edo “…eta zu” esan beharrean, “…eta biok” edota “…eta hirurok” esaten dugu. Beraz, (A) zutabeko esapideez baliatu beharrean, (B)koez baliatzen da euskaldun jatorra:


 

 

Hala zioen Euskaltzaindiak 1991ko argitalpen hartan, baina paragrafo esanguratsu hau emendatu zuen Euskal Gramatika Laburrean (2002ko argitalpenean, 76. or.):

 

«Ez dezagun ahantz, zernahi gisaz, zu eta biok bezalako esapideak oso jatorrak izanik, zu eta ni bezalakoak ere hizkuntzaren literatur tradizioan ongi enbortuak daudela: gramatikaren batean txartzat jo izan diren arren, maizago ageri dira bigarren horiek, lehenengoa mendebalera bakarrik mugatua baita. Hala ere, azken horrek (zu eta biok bezalako esapideek, esan nahi da) leku handia du mintzo bizian».