Galdera


Nola esan euskaraz 'ángulo de altura', 'ángulo de fase', 'ángulo horario', 'año lunar', eta 'anillo astronómico'? 

 

Data: 2013/06/20



Erantzuna

 

ángulo de altura= altuera-angelu

ángulo de fase= fase-angelu

ángulo horario= ordu-angelu

año lunar= ilargi-urte

anillo astronómico= eraztun (astronomiko)

 

 

1/ Jakiteko nola eman euskaraz edozein jakintza arlotako termino bat, Euskalterm hiztegi terminologikora jotzen dugu aurrena, oso berba teknikoak direnean ez dira-eta ageri ohiko hiztegietan (Elhuyar, Zehazki…). Jakingo duzunez, Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna-barran daukazu Euskaterm; instalatuta ez badaukazu (instalatu, merezi du eta!), erabili ezazu jarri dizugun esteka.

 

Euskatermen bertan topatu ditugu nola euskaratu ángulo de fase eta ángulo horario. Beraz, arazorik ez horietarako.

 

2/ Año lunar ez, baina año solar topatu dugu: eguzki-urte. Hori eredu hartuta, erraz ondorioztatu daiteke ilargi-urte aukeratu behar dugula año lunaren euskal ordain modura. Bestelako hainbat dokumentutan ere berretsi dugu hala erabili dela maiz Astronomiaren gaineko idazkietan.

 

3/ Astronomia alorreko anillo bera hiztegi arruntek ere jasotzen dute: eraztun. Hala, Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen du, hirugarren adieran, zer den eraztun: «Zenbait planeta inguratzen dituen materia multzoa, zirkulu formakoa. Saturnoren eraztunak».

 

Astronomiko adjektiboa, Astronomiaren gaineko idazki batean, erredundantea gertatu liteke: horra zergatik jarri dugun parentesia erantzunean.

 

4/ Arazo handienak lehen terminoarekin izan ditugu, ez dugu-eta Euskaltermen topatu ángulo de altura bere horretan, eta duda izan dugu altuera eta garaiera hitzen artean, ematen baitu lehian daudela bi sinonimoak gaur egun. Bestelako dokumentu batzuetan ere kontsultatu dugu, jakinik azimut terminoarekin batera ageri behar dela ezinbestean, eta guztietan aipatzen dute altuera (angelua), eta ez garaiera. Bukatzeko, EHUko irakasle Jesus Arregi astrofisikan adituari galdetu, eta berretsi digu altuera dela termino egokia (eta, bide batez, gainerako laurak ere guk proposatu bezala erabiltzen dituztela).

 

5/ Euskaltzaindiaren 25. arauak dioenez, aukerakoak dira terminoetan jarri ditugun marratxoak: ilargi urte zein ilargi-urte, biak dira zuzenak.