Galdera

 

Nola idazten da: “erradioaktibitate-kontrako maskara” edo “erradioaktibitatearen kontrako maskara”? 

 

Data: 2013/09/30



Erantzuna

 

Erradioaktibitatearen kontrako / aurkako maskara’ da forma zuzena.

 

Beste aukera hau ere ez da desegokia, gure ustez: ‘erradioaktibitatetik babesteko maskara’

 

 

1/ Kontra (eta aurka) postposizioaren aurreko izenak NOREN kasuan joan behar du

(salbuespenak badira, ordea: ZERTAZ  –“gogoz kontra”– batetik, eta NORI –“amari kontra” – Ipar Euskal Herriko zenbait hizkeratan, bestetik).

 

 

2/ Baliteke Elhuyar hiztegian kontsultatu, bertan alergia-kontrako eta antzekoak aurkitu, eta hortik etortzea zure “erradioaktibitate-kontrako maskara” hori. Baina kontuz!: erdarazko izen batzuk euskaratzeko Elhuyarrek proposatutako euskal ordainak dira alergia-kontrako, depresio-kontrako, diabete-kontrako… horiek guztiak: antialérgico, antidepresivo, antidiabético…:


  •                    “Alergia-kontrakorik ezagunenak antihistaminikoak dira”   
      • “Frogatu da depresio-kontrako naturalik eraginkorrenetakoa dela B bitamina”

 

Antialérgico, antidepresivo, antidiabético… horiek, erdaraz, adjektiboak (fármaco antialérgico, producto antidepresivo, tratamiento antidiabético…) zein izenak izan daitezke. Kasu horiexetarako bakarrik proposatzen du Elhuyarrek [X-kontrako] egitura izenetan.


 

Kontuan hartu zer prozedura dauden gaztelaniaz horiek esateko:


 


 

Laurok esan nahi dute gauza bera, eta denek dute –beraz– contra preposizioa agerian edo inplizituki. Hori dela eta, horiek laurok eta antzeko guztiak depresioaren kontrako (aurkako) botika delakoaren eskemari jarraituta euskaratzea aholkatzen dizugu:

 

·         anticanceroso = minbiziaren kontrako X

·         pomada antihemorroidal = hemorroideen kontrako pomada

·         medidas anticorrupción = ustelkeriaren kontrako neurriak

·         plataforma anti autopista eléctrica Itsaso-Dicastillo = Itsaso-Deikaztelu autopista elektrikoaren aurkako plataforma

 

 

3/ Guztiz gardenak dira gure ustez euskarazko ordain horiek, eta, beraz, ez dugu zertan ibili eraikitzen gutxi batzuek baino ulertuko ez luketen terminorik. Gainera, zoritxarrez, baliteke oso bestelako proposamenak aurkitzea Zehazkin eta Euskaltermen eta kontsultatu dezakezun beste edozein hiztegitan. Askotan, noraezean ibiliko gara erdarazko termino baterako euskal ordaina zein izan litekeen asmatzeko, aukera bat baino gehiago proposatu direlako, termino gisa proposatzen dena guztiz iluna delako… Kasu horietan, gure hizkuntza senak –baldin eta halakorik badugu, behintzat– esango digu nola jokatu, ordain posibleen artean zein aukeratu, hitz batean eman beharrean terminoak esan nahi duena azaldu…

 


Beraz, gaztelaniazko anti- aurrizkidun berbak contra preposizioaren adiera duenean, euskaratzeko orduan desberdin jokatu behar genuke kasu batetik bestera, hainbat faktore kontuan hartuta. Ikusi ditzagun adibide batzuk, kasuan kasuko gure aukera zein izango litzatekeen erakusteko:


 

·        (máscara) antigás: gas-maskara (Zehazki) terminoa / gasetik babesteko maskara azalpena [ingl. gas mask, al. Gasmaske, fr. masque à gaz]

·        (chaleco) antibalas: baletatik babesteko txalekoa  azalpena

·        (granada) anticarro: tankeak suntsitzeko granada  azalpena

·        (faro) antiniebla: laino-argi (Zehazki terminoa

·          anticomunismo: antikomunismo  terminoa

·        anticomunista: antikomunista  terminoa / komunismoaren kontrakoa  azalpena

·        antipsiquiatria: antipsikiatria  terminoa

·        (comportamiento) antideportivo: kiroltasunik gabeko portaera (Elhuyar) / kirol-legerik gabeko portaera (Zehazki azalpena

·        (ley) anticonstitucional: konstituzioaren aurkako/kontrako, konstituzioarekin bat ez datorren, konstituzioaren araberakoa ez den legea (Elhuyar) / konstituzio(aren) aurkako legea (Zehazki azalpena

·        (control) antidoping: dopin-kontrola (Zehazkiterminoa

·        antiséptico: antiseptiko  terminoa

·        anticuerpo: antigorputz  terminoa

·        antígeno: antigeno  terminoa

·        antídoto: antidoto  terminoa

 

 

4/ Gaztelaniazko anti- aurrizki guzti-guztiek daramate berekin contra preposizioaren adiera? Ez beti.

 

Esaterako, zientzietan, honelako terminoak daude: antielektroi (elektroiaren masa eta karga bera du, baina kontrako zeinuko karga), antiprotoi, antimateria, antilogaritmo (logaritmoaren alderantzizko funtzioa), antiklinal, antizikloi… Horietan ez dago ezer zerbaiten kontra doanik: ezaugarri (fisikoa, adibidez) baten araberako kontrakotasuna adierazten da, ez besterik (gauza bera gertatzen da, esaterako, antiheroi hitzarekin, zientzietatik kanpoko bat aipatzearren).

 

Horietarako, aurrekoetan ez bezala, ezinbestekoa dugu terminoa eraikitzea euskaraz ere, eta, jakina, anti- aurrizkia onartzea izan da irtenbidea (nazioarteko terminoak dira, eta fonetikoki egokitu besterik ez da behar).

 

Dena dela, kasuren batean, terminoa eta azalpenezko bidea biak dira egokiak:


antizikloi   terminoa / goi-presioko gunea  azalpena