Galdera

 

Beira eta kristala: gauza bera dira? 

 

Data: 2014/01/21



Erantzuna

 

Hizkera teknikoan, esanahi desberdinak dauzkate.

Eguneroko hizkeran, berriz, Hego Euskal Herrian behinik behin, beira barik kristal erabiltzen zen denetarako.

 

1/ Jo dezagun Euskaltzaindiaren Hiztegira, esanahiak finkatzeko:


·        Beira (berina): Gai gardena, gogorra eta hauskorra, silize hareaz eta potasa edo sodaz osatutako nahastura bat urtuz sortzen dena.

·        Kristal: 1. Geometria forma jakina duen mea zatia.

2. Geometria forma jakin baten arabera kristaltzen den gai baten zati bakoitza.

3. Kalitate handiko beira mota, ohikoa baino gardenagoa eta astunagoa dena: Bohemiako kristala.

4. (Heg.) Beira: Leihoko kristalak

 

Beraz, gaztelaniaz vidrio eta cristal kontzeptuen arteko bereizketa bera egin beharko genuke euskaraz ere beira eta kristal hitzekin.

 

 

2/ Gaskoi hizkuntzatik (Akitaniako erromantzea da gaskoia, antzinako euskararen eremuan garatutako erromantzea, hain zuzen ere) hainbat mailegu hartu ditu euskarak mendeetan eta mendeetan: arbuiatu, malerus, polit, debekatu, arrapostu, arrangura… (leku izenetan ere utzi du arrastoa gaskoiak, baita Hego Euskal Herrian ere: Urgull, Polloe, Miramon, Gros…).

 

Mailegu horietako bat da beira: latinezko vitreum hitza béyre-ra pasatu zen gaskoian, eta bere horretan mailegatu zuen euskarak (beire, beira, behira…) Ipar Euskal Herrian.

 

Ez dakigu noraino dagoen zabalduta Bidasoaz haraindiko hizkeretan, baina badakigu frantsesezko verre hitzaren bi adierak hartzen dituela erabiltzen den tokietan:


·        materiala (“Eta milaka argi lehertzen dira une batean zure barnean, milaka beira puskatzen zure baitan)

·        edalontzia (Zirimonietarik bat zen, ekhartzea bere aitzinera beira bat ur”).

 

3/ Hego Euskal Herriko herri hizkeretan ez dago beirarik. Zenbait idazlek erabili izan dute (Larramendi, Azkue, Altube, Etxeita…), baina euskara batua sortu arte ez zaigu ezaguna egin: Hego Euskal Herrian, dena izan da oraintsu arte kristala.

 

Beraz, zeuk erabaki behar duzu noraino jokatu nahi duzun zorrotz, aprobetxaturik orain bi hitz ditugula eskueran, gaztelaniaz bezala, esanahiak bereizteko.