Galdera

 

'Aprendizaje cooperativo': nola eman euskaraz? 

 

Data: 2014/02/03



Erantzuna

 

 

Elkarlaneko ikaskuntza

 

1) Horrelako terminoak euskaratzeko, Nafarroako EIBZren (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa, IRALEren parekoa) Hezkuntzako Hiztegia baliatzen dugu gehienetan. Hau topatu dugu bertan:

eus elkarlaneko ikaskuntza

cas aprendizaje cooperativo

 

2) Halaber, Euskalterm terminologia bankuan ere kontsultatzen dugu etengabe. Bada, Euskaltermek hau dio:


eus lankidetzan ikaste / lankidetzako ikaskuntza

cas aprendizaje cooperativo

fr apprentissage coopératif

ing cooperative learning

 

3) Kontuan hartu bi iturritan topatutako ordainak baino ez dizkizugula ekarri aurreko puntuetan; jakina, badaude gehiago, handik-hortik-hemendik topatu ditzakezunak (eta zure kontsultan zuk zeuk aipatu dizkiguzunak): ikaskuntza kooperatiboa, ikasketa kooperatiboa, ikaste kooperatiboa... (Zehazki eta Elhuyar hiztegietan, esaterako, kooperatibo adjektiboa jasotzen dute). Batek baino gehiagok kontrakoa uste duen arren, ez da batere aberasgarria euskaraz horrenbeste ordain egotea. Benetan asko aurreratu dugu azken urteotan terminologia kontuetan, baina inguruko erderen eraginak, normalizazio faltak eta gure gabeziek nabarmen oztopatzen dute terminorik egokiena zein izan litekeen aukeratzea, eta hezkuntza komunitatera (gure kasu honetan) zabaltzea.

Beste kontsulta batzuetarako idatzitakoa ekarriko dizugu hona: Euskaraz, sarri, itsu-itsuka ibili behar izaten dugu hasieran euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago azaltzen dira. Gero, dena ondo joatera, gizarteratu diren proposamen horietatik bat nagusitzen doa apurka-apurka, zer taldek sostengatzen duen, eufonikoa edo kakofonikoa den, berritzeguneetan aukera guztietako zein erabiltzen duten... (mila arrazoi egon litezke). Zorte ona izan ezean, berriz, lehian jarraitzen dute forma batek baino gehiagok, eta erabiltzaile arruntok noraezean ibiltzen gara. Auskalo zer gertatuko den zure kontsultako terminoarekin.

Onena, guretzat, erakunde batek zirt edo zart egitea izango litzateke, izen ofizial bat ezartzea Euskal Herri osoan modu bateratuan erabiltzeko (denok aukeratutako forma erabiltzearren, eta ez beste formarik).

 

4/ Guk geuk honela jokatuko genuke:


Izenburuetan edo zerrendetan, esaterako, elkarlaneko ikaskuntza terminoa erabiliko genuke, eta agian, parentesi artean, kooperatibo hitza gaineratu, ziur egoteko ulertuko digutela:

 

«Hona hemen gure metodologiaren oinarriak:


·        elkarlaneko ikaskuntza (ikaskuntza kooperatiboa)

·        emaitzen kontrol bateratua

·        …                                     »

 

Testu baten barruko sintaxi arruntean, berriz, ikaskuntza idatzi beharrean, ikaste- hobetsiko genuke:


«Gure ikastetxean, gure ikasle guztiek elkarlanean ikastea bultzatzen dugu»

«Umeen aurrezagutzak eta interesak kontuan hartuta, elkarlanean ikasten ikastea bultzatu behar dugu»

«“Elkarrekin ikasi” esaten dugunean, hau esan nahi dugu: ezagutza berriak besteen laguntzarekin eskuratu, elkarlanean eta elkarreraginean»

«Interneten aurkitu ditugu Elkarlanean Ikasteko Proiektuak” izeneko materialak»