Galdera

 

Bota aditza: “argazkiak/mezuak/bertsoak bota”? 

 

Data: 2014/02/06



Erantzuna


·        Argazkia atera (hartu, egin)

·        Mezua bidali (igorri)

·        Bertsoa bota

 

 1/ Argazkiak atera/hartu/egin egiten dira euskaraz.

Esaterako, Nola erran frantses-euskara hiztegi elektronikoan, photo sarrera kontsultatu, eta hiru aukera horiek aurkituko dituzu.

·        Frantsesez, faire une photo de qn/qch eta prendre qn/qch en photo esaten ei da.

·        Ingelesez, guk dakigula, aukera bakarra dago: take a photo/picture.

·        Gaztelaniaz, berriz: sacar / hacer / tomar / quitar (Galizian) / tirar / echar una foto.

Baliteke zure kontsultan aipatu diguzun “argazkia bota” forma gaztelaniazko azken lexia horren kalkoa izatea. Gure ustez, ez da onartzekoa euskaraz.

 

2/ Mezuak (e-mailak, sms-ak, whatsapp-ak…), berriz, bidali/igorri egiten dira euskara estandarrean (eta gero jaso egiten dira). Dena dela, hizkera informalean, jakina, ez litzateke harritzekoa izango batek baino gehiagok “sms-a bota” esatea.

 

Ahoz edo izkribuz aldarrikatzen den adierazpena-edo denean, egin edo bota egin daiteke mezua:

“Bakearen eta borrokaren aldeko mezuak bota ondoren, PNC Partitu di a Nazione Corsako idazkari nagusi Jean Christophe Angelinik hartu zuen hitza”

 

3/ Bertsolariak, bertso bat jarri/ipini/egin/eman/moldatu/ondu/paratu ondoren, bertso hori –kantatzean– bota egiten du.

Mattin aheztarraren bertso bat ekarriko dizugu adibide gisa:

Bertsu bat botako dut, Xalbador, hortarik/

kasik ernatu bainaiz oraintxe lotarik. /

Nik ez dut deusik nahi andre hoietarik,/

ez naiz ezkondu nahi ez baitut doterik.

 

 4/ Noiz eta nola erabili, orduan, bota aditza?

Gaur egun, 2012az geroztik, badugu euskarazko hiztegi ofizial bat, Euskaltzaindiaren Hiztegia (zoritxarrez, oraindik ez dago eskuragarri sarean), eta bertan kontsultatu dezakezu zein den bota aditzaren esanahia.

Lau adiera nagusi aipatzen dira:

1.        Jaurti: 72 urteko emakume bat zauritu zen leherketak botatako harri batek jo ostean, kalean / Uraren bazterretik indarra hartu eta ez dugu zenbateko hondoa duen ikusten; ondoren, buruz botatzen dira uretara / Maradonak Napolitik alde egin nahi zuela esan zuenean, jendeak orratzez betetako argizarizko panpinak bota zizkion leihotik.

2.        Egotzi, bidali: Emaztea, banatzeko asmotan baitzegoen, jo, iraindu, mehatxatu eta etxetik bota du gizon batek Bergaran / AEBko soldaduen hilkutxak agertzen dituen argazki bat atera zuen langilea bere lanpostutik bota egin zuen Maytag Aircraft hegazkin konpainiak.

3.        (Esapideetan): Errua bota / Erronka bota / Umea bota (umea galdu) / Kimu berriak bota / Erroak bota / Zerbait aurpegira bota / Larriak bota edo gora bota (oka egin) / Begia bota / Suerteak bota…

4.        Ahoz esan edo kantatu: Bertsoak bota / Gezurra bota / Hordago bota