Galdera

 

(Bilboko) Alde Zaharreko eskola edo Zazpi Kaleetako eskola?

 

Data: 2014/02/17



Erantzuna

 

Zazpikaleetako eskola

 

Euskaltzaindiak Bilboko kale izendegia landu zuenean (1998an eta 1999an), Zazpikaleak idazkera hobetsi zuen.

 

Berriaren estilo liburuan zure kontsulta bera jasotzen da, eta Euskaltzaindiaren erabaki horren berri emateaz gain, aholkatzen dute Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko idazkariak Deian idatzitako “Hamaika kale dago Zazpikaleetan” artikulua irakurtzea:

 

«Gaurko artikuluxka honetan Bilboko auzoez arituko naiz, izenak eta neurri batean historia ezagutarazteko. Lehendabizi Bilbao izan zena, egun Zazpikaleak, Casco Viejo, Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, Sietecalles eta Uri Zaharra deitzen duguna da. Bilbo hirian bertan, eta ibaiaz bestalde (edo euskara zaharrean "uraz urrutia") dagoen Bilbo Zaharra auzoan sortu zen. Denboraren poderioz inguruko herriak bereganatu eta auzo bihurtu zituen, lehendabizi Abando, eta gero Deustu eta Begoña.


Bi auzo dira berez Bilboko zaharrenak: Bilbo Zaharra, Ibaizabal itsasadarraren ezkerraldean, eta Zazpikaleak, gaztelaniaz Siete Calles, nahiz eta azken urteotan gaztelaniaz Casco Viejo deitu. Nola gauzatu zen aldaketa hau? Hirurogeiko hamarkadaren amaieran erabaki zuten Zazpikaleetako merkatariek elkarte bat sortzea eta arazoa izena ematean sortu zen, denda Zazpikale historikoetatik kanpo zutenek oztopoak jarri baitzizkioten Sietecalles izenari, Casco Viejo izen berria proposatuz. Izena udalaren laguntzaz nagusituz joan zen eta egun gaztelaniazko izen zaharra, Sietecalles, ia desagertu da. Euskaraz bestelakoa pasatu zen. Casco Viejo proposatzean Bilbo Zaharra izena bultzatu zuten, Zazpikaleak izen jatorra baztertuz, izen hori ibaiaz bestaldeko auzoari, gaztelaniaz Bilbao La Viejari, dagokiola konturatu gabe. Geroago, batzuek, auzia konpondu nahian, Alde Zaharra sortu zuten; eta amaitzeko, Uri Zaharra ere erabili izan du udalak.


Eta egun zer egin behar dugu? Argi dago gaztelaniaz Casco Viejo nagusitu dela eta onartu beharra dagoela uste dut, baina euskaraz, udalak ongi erabiltzen duen bezala, Zazpikaleak (nahiz eta askoz ere kale gehiago izan, Gizaburuaga edo Etxebarri bezalaxe, izen hauek udalak izendatu aurretik eremu txikiak izendatzen zituzten eta). Ez dut uste Hiriberri edo Villanueva guztiak aldatu eta Hirizar, Villavieja bihurtu behar ditugunik, ezta? Tamalez, Metro Bilbaok Eusko Lege Biltzarrak egindako legeari muzin eginez, legez izen biak ofizialdu behar baitira, eta Euskaltzaindiak esandakoari kasu egin gabe Casco Viejo izen soila jarri du, Casco Viejo / Zazpikaleak izen bikoitza jarri beharrean.


Baina ez da hau gaizki erabiltzen den auzo bakarra, Basurtu eta Deustu, azken hau udal ohia, ere baditugu. Biak dira euskal izenak eta bietarako ditugu testigantza anitzak idazkera egokiak ezagutzeko, biak amaitzen baitira u-z, nahiz eta gaztelaniaz o bihurtu. Deustu auzoaren kasuan euskaraz ere izan da aldaketa, izan ere, antzina zeukan amaierako artikulua galdu baita, nahiz eta euskaldun batzuek mantendu eta Deustua esan. Horregatik Euskaltzaindiak Deustu hobetsi zuen. Euskal hitz peto petoa, A. Irigoyen zenaren ustez euskal partizipio delarik (apurtu edo amaitu bezala). Basurtuari dagokionez, egoera ura baino gardenagoa da, euskaldunek izen zaharra bizirik mantentzen dute, esanahia ulergarria delako (baso eta ortu).


Beraz, egin dezagun ahalegina eta Deustutik Zazpikaleetara nahiz Basurtura joaten garenean, erabil ditzagun euskal izen egokiak.»