Galdera

 

'Barra direccional': nola eman euskaraz? 

 

Data: 2014/03/10



Erantzuna

 

Gidabarra edo gida-barra


1/ Dirudienez, itsuei edo ikusteko urritasuna daukatenei jartzen zaizkie horrelako barrak geletako hormetan, haiei oratuta arazo handirik gabe mugitu daitezen. Horrez gain, mendian-edo ibilaldi zail samarra egiten dutenean erabiltzen dituzten barrei ere esaten zaie direccional.



2/ Gure ohiko iturrietan kontsultatu dugu, beti bezala, nola ematen den euskaraz direccional izenondo bitxi samar hori bestelako testuinguruetan. Elhuyar eta Zehazki hiztegietan eta Euskalterm terminologia bankuan, aukera hauek daude:


·         direkziozko, norabidezko izenlagunak;

·        direkzional adjektiboa;

·         norabide-, direkzio- (hitz-elkarteetan)

 

Beraz, irtenbide bat izan liteke haietako bat baliatzea barra izenarekin: direkziozko barra, barra direkzionala, norabide-barra… Baina, egia esan, ez ginateke oso konforme geratuko horrelakoekin.

 

3/ Bestalde, saiatu gara bilatzen nola ematen den barra direccional delakoa hurbileko erdaretan, askotan egitura gardenagoa izaten baitute –batez ere ingelesezko ordainek–. Baina –harrigarria bada ere– ez dugu haren arrastorik topatu inon: esan liteke ONCE Espainiako elkarteak baino ez dituela bultzatzen horrelakoak.

 

4/ Beraz, uste dugu askatasun handiarekin jokatu dezakegula oraingoan, eta ahaztu egin dezakegula direccional adjektiboa, euskal ordain argiago bat ematearren, gehienetan egin beharko genukeen bezala. Eta, kontuan hartuta barra horrek orientatzen laguntzeko balio duela –gidatzeko, beste modu batean esanda–, hauek erabiltzea proposatzen dizugu:


·        Gidabarra: [aditzoina + izena] egiturako hitz elkartuak lotuta idazten dira.

·         Gida-barra edo gida barra: [izena + izena] mota honetako hitz elkartuak bereiz edo marratxoarekin idazten dira.