Galdera |
---|
'Bilbo Handia' ala 'Bilbao Handia'?
Data: 2014/05/15 |
Erantzuna | |||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bilboaldea (Bilbo Handia)
1/ Hiru auzi daude zalantza honetan: zein den gaztelaniazko Gran Bilbaoren euskal ordaina, Bilbao edo Bilbo zein den zuzena, eta Haundia zuzena den. Goazen banan-banan auziak aztertzen.
2/ Zergatik Bilbo, eta ez Bilbao? Euskaltzaindiak erabakitzen du zein diren Euskal Herriko eta kanpoko toponimoen euskarazko forma arautuak; eta gero, Euskal Onomastikaren Datutegian argitaratzen ditu:
Beraz, Bilbo da euskara batuan erabiltzeko forma, eta ez Bilbao. Bilbao ere euskal hitza da, erdaraz gorde den toponimoaren forma zaharra. Bilboko Udalak horixe aukeratu du izen ofizial modura, euskaraz emateko (baina, deklinatzeko orduan, Bilbon, Bilbora, Bilbotik…).
3/ Zergatik handi, eta ez haundi? Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura jo behar duzu jakiteko zein den euskal hitz arrunt bakoitzaren forma arautua. Kasu honetan, haundi kontsultatuta, hau topatuko duzu: haundi* e. handi * haundi ez da zuzena –horixe adierazten du izartxoak–; erabili ezazu (‘e.’) handi. Beraz, izatekotan, Bilbo Handia behar du izan, eta ez Bilbo Haundia.
4/ Zergatik Bilboaldea eta ez Bilbo Handia? Dirudienez, Euskaltzaindiak okertzat jo zuen Bilbo Handia erdaratiko kalkoa. Hala, Euskal Onomastikaren Datutegiaren bertsio zahar batean, honela zioen:
Berria egunkariaren estilo liburuan ere, forma okertzat jotzen da Bilbo Handia: Bilboaldea, -a (Bilbo Handia*). Hau da: Erabili ezazu Bilboaldea (amaierako -a artikulua da: Bilboaldeko, Bilboaldera…), eta ez Bilbo Handia.
Gaur egun, berriz, ez dago ez Bilboalderik ez Bilbo Handirik Euskaltzaindiaren datutegian, seguruenik izaera administratiboa daukaten eskualdeak baino ez dituelako jasotzen (esaterako, “Bizkaiko herri izendegia” bere 145. arauan): Durangaldea, Ezkerraldea, Busturialdea, Enkarterri, Lea-Artibai, Hego Uribe, Arratia, Mungialdea, Uribe Kosta eta Txorierri (eta Orozko eta Urduña udalerriak).
Erreparatu nola definitzen den Bilbo Handia Eusko Jaurlaritzaren web orrian: «Bizkaiko eskualde ohia. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Abanto Zierbena, Alonsotegi, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Erandio, Etxebarri Deuna Elizatea, Galdakao, Getxo, Larrabetzu, Leioa, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Trapagaran, Zamudio, Zaratamo eta Zierbena […]».
|