Galdera

 

'Apoyo visual': nola esan euskaraz? Zuzena da 'irudi bidezko laguntza'?

 

Data: 2014/10/01



Erantzuna

 

Beste kontsulta batean, apoyo visual  = ikusizko laguntza proposatu genuen, termino modura. Guztiz zuzena da noski irudi bidezko laguntza; baina ez dakigu egokia den, ez daukagu-eta testuinguruaren berri.

 

1/ 2013-2014 ikasturtean, visual adjektibo erreferentziala daukaten hainbat eta hainbat termino euskaratzeko eskatu ziguten kontsulta batean, bai eta gu horretan ahalegindu ere, nahiz eta askotan itsumustuan ibili, testuingurua zein izan litekeen erraz antzeman gabe. Dena dela, osatu genuen zerrenda, nola edo hala osatu ere, eta gure datu-basean argitaratu (gomendio bat: irakurri itzazu taularen ondoren datozen oharrak): ‘Visual’: terminologia.

 

Bertara jotzen baduzu, ikusiko duzu apoyo visual  = ikusizko laguntza proposatu genuela, erantzun laburrean adierazi dizugun bezala. Taulako azken zutabean duzu zergatik jokatu genuen horrela: EIBZren (IRALEren pareko elkartea da EIBZ, Nafarroan) Hezkuntzako Hiztegiak halaxe jasotzen du, eta guk behinik behin ez daukagu inolako arazorik termino modura ikusizko laguntza hori onartzeko, hori irakurrita edo entzunda denok modu zuzenean ulertuko bagenu.

 

 

2/ Baina, gehienetan, terminoak baino askoz garrantzizkoagoak dira azalpenak, terminoak jakintza arlo jakin bateko partaideek bakarrik ulertzen baitituzte.

 

Adibidea

Visual adjektiboak, batzuetan, ikusmenari egiten dio erreferentzia; eta irudiei beste batzuetan; hala, bi esanahi izan ditzake estimulación visual terminoak:

1.      “Ikusmena estimulatzea”

2.      “Irudi bidez estimulatzea”

Horrelakoetan, berdin dio zer termino asmatu erdarazkoaren ordainean: egokiagoa izango da, denok ulertze aldera, (1) eta (2) azalpenak erabiltzea.

 

Hala, guztiz zuzena iruditzen zaigu zure irudi bidezko laguntza, baina egokia den esateko, ezinbestekoa dugu zer testuinguruan erabiltzeko den jakitea. Iruditzen bazaizu erdarazko apoyo visualek berekin daraman esanahia biltzen duela, erabili ezazu irudi bidezko laguntza, beldurrik gabe, eta ez apurtu burua termino bat bilatzen.