Galdera

 

Buruketa ala problema? Zein da egokiena Matematiketan?

 

Data: 2014/11/25



Erantzuna

 

Sinonimoak dira.

 

1/ Matematikan (esaterako), ariketak (batetik) eta buruketak edo problemak (bestetik) bereizi behar dira:

 

·         Batzuetan, estrategia bat (algoritmo bat, prozedura bat…) irakasten zaio ikasleari; gero, estrategia hori behin eta berriro aplikatzeko ariketak agintzen dizkiogu, trebatu dadin (gazt. ejercicio; ing. exercise, fr. exercice).

Adibidez:

o    Lehen Hezkuntzan, zatiketak kalkulatzeko algoritmoa eskaini eta gero: “Kalkulatu zein den zatiketa honen emaitza: 235,345 / 23,4".

o    DBHn, zenbaki hamartar baten zatiki sortzailea kalkulatzeko prozedurak azaldu eta gero: “Eman 23,12 zenbakiaren zatiki sortzailea”.

o    Batxilergoan, deribatu zuzenen taula eta eragiketen arauak eman eta gero: “Eman dezagun f(x) = sin x + tan x + x funtzioa. Kalkulatu f´(x)”.

 

·         Beste batzuetan, berriz, ebatzi beharreko egoera bat planteatzen zaio, eta ikasleak berak bilatu behar du zein izan litekeen estrategiarik egokiena (eskaintzen zaizkionen artean, nonbait informazioa bilatuta, gogoeta hutsa eginez…); horrelakoetan, problema bat aurkeztu diogula esaten dugu (gazt. problema; ing. problem, fr. problème). Neurri batean hausnartzea dakartenez, neologismo bat sortu zen (orain dela gutxi, ez pentsa) euskaraz emateko: buruketa

Adibidez:

o    “Seguru egon gaitezke New York-eko bi biztanlek (gutxienez) buruko ile kopuru berbera dutela une honetan bertan?”

 

 

2/ Baliteke irtenbide egoki bat hau izatea: ikasketen lehen mailetan, buruketa esatea; eta problema, hitz kultua delarik (grekotik dator), apurka-apurka batxilergoan erabiltzen hastea, eta unibertsitatean problema besterik ez erabiltzea.

 

 

3/ Problema matematikoak forma egokia ote den galdetzen diguzu.

Guk geuk matematika-ariketak eta matematika-problemak ditugu nahiago (marratxoa aukerakoa da, Euskaltzaindiaren 25. arauaren arabera), baina kontuz!: matematika aipatzea erredundantea izango litzateke Matematika eskoletan, esaterako.