Galdera |
---|
Comunicaciones balanceadas / no balanceadas: nola eman euskaraz? Data: 2014/11/25 |
Erantzuna |
---|
Komunikazio orekatuak / ez-orekatuak
1/ Gaztelaniazko balanceada hori ez dakigu zer neurritan den oso katolikoa: gehienetan bezala, horrelako kontzeptuak ingelesez (balanced/unbalanced) sortzen dira, eta gero beste hizkuntza guztietan ahal den moduan eman; esaterako, badirudi gaztelaniaz kalkatu egin dutela hitza (balanceada/no balanceda), seguruenik oker kalkatu ere, beste aukera bat bai baitzegoen: equilibrada (balanced diet = dieta equilibrada = dieta orekatua). Beraz, orekatu da gure ustez euskarazko ordain egokia.
2/ Orekatu gabea baino ez-orekatua dugu nahiago. · Hizkera arruntean ere erabiltzen da ez aurrizkia (hitzari loturik idatzi ohi da tradizio zaharreko hitzetan): ezaxola, ezbehar, ezberdin, ezegoki, ezgai, ezgauza, ezjakin, ezleku, ezohiko, ezurte, ezuste… · Gure ustez ez dago inolako arazorik hainbat arlotako terminologian erabiltzeko, kontzeptu berriak sortzeko (marra eta guzti idatziko genuke testu teknikoetan): ez-esteroideo, ez-gramatikal, ez-konfesional, ez-metal, ez-murrizgarri, ez-ofizial, ez-organiko… |