Galdera

 

Zergatik erabaki du Euskaltzaindiak Biarritz izatea herriaren izenaren forma arautua eta ez Miarritze? Zergatik onartzen ditu, berriz, biarriztar eta miarriztar bi formak? 

 

Data: 2015/01/27



Erantzuna

 

Biarritz eta Miarritze bi formak dira onartzekoak euskara batuan, baina Biarritz lehenesten da, zaharragoa delako, eta inguru hartako euskaldunek halaxe esaten diotelako. Era berean, biarriztar eta miarriztar bi formak dira euskara batuko formak: Biarritz erabiltzen duenak, logikoa denez, biarriztar erabiliko du, eta miarriztar, berriz, Miarritze esaten duenak.

 

1/ 108. arauaren arabera (“Lapurdiko udal izendegia”), Biarritz eta Miarritze bi izenak dira onartzekoak, eta bai biarriztar eta miarriztar bi formak herritarren izenarentzat ere; araua 2000. urtean eman zen argitara. “Biarritz / Miarritze” idatzi zuten, artean erabaki gabe zegoelako nola erabili marra, barra, eta bestelakoak. Baina Biarritz lehenesten zutela adierazi nahi zuten barra harekin.

Onomastikako corpusean, berriz, araututako izena Biarritz dela dio, eta biarriztar eta miarriztar bi formak onartzekoak; arau estatusa duen erabaki hori 2014koa da, 108. araua baino berriagoa. Atal batean, berriz, hau jartzen du:

“Beste izenak: Miarritze

Horrekin adierazi nahi dute Miarritze forma ere onartzekoa dela euskara baturako, baina bigarren mailan uzten dute, nolabait esateko.

 

2/ Zergatik jokatu du horrela Euskaltzaindiak? Erantzun laburrean esan bezala, bertako euskaldunek Biarritz esaten dutelako, eta jatorrizko forma delako.

Bilbo eta Bilbao artetik, zein erabaki zuen? Bilbo. Zergatik? Bizkaieraz halaxe esaten delako, eta halaxe ageri delako bizkaieraz idatzi zuten idazle guztien izkribuetan. Baina onartzen du noski Bilbao badela euskara (Bilbao esaten dute euskaldun askok eta askok, ez Bilbo), eta Bilbo baino forma zaharragoa dela. Bi formak onartu zitzakeen, baina bat bakarrik aukeratu du euskara baturako: Bilbo. Bilbao forma asko zabaldu zen, Gipuzkoan esaterako, baina eskolan erdaraz nagusi zelako hedatu zen forma hori.

Biarritz/Miarritze parearen kontura, berriz, forma zaharrena lehenetsi du (Biarritz). Luis Dassance euskaltzainak herri izendegi bat argitaratu zuen, lehengo mendeko 60ko hamarkadan; idazle askorentzat erreferentziazko bihurtu zen obra, hain zuzen ere. Bada, Miarritze ageri da bertan, eta ez Biarritz: horrexegatik zabaldu da hainbeste Bidasoaz beste aldean.

Esaterako: Ereduzko Prosa Gaur gordailuan “Biarritz” eta “Miarritze” zenbat aldiz ageri diren kontsultatu dugu, idatzizko prentsan esaterako (batez ere Ipar Euskal Herriko Herria astekarian), eta emaitzak bitxi samarrak dira:

·         Biarritz: 157 aldiz.

·         Miarritze: 3.967 aldiz.

 

3/ Zergatik diogu forma zaharragoa dela Biarritz? Bi auzi daude kontu horretan: B®M bilakaera, eta amaierako -e paragogiko hori:

/b/ eta /m/ artean alternantzia dagoenean, /b/ izaten da zaharragoa: esaterako, Mañaria leku izena latinezko Balneariatik dator; edo Menta toponimoa eta deitura, jakina, Benta formatik. Eredu horren arabera bihurtu da /m/ hasierako /b/-a.

Ekialdeko euskalkietan (behe nafarreraz eta zubereraz), -e gehitzen zaie leku izen askori: Parise, Akize, Uztaritze, Uztarroze…: Parisen, Pariseko, Parisera… esaten denez, atzera egitean pentsatzen da Parise dela NOR kasuko forma. Nola erabili diren literaturan, eta inguruko euskaldunek nola esaten duten, forma bata edo bestea aukeratu du Euskaltzaindiak: Paris, baina Akize, Uztaritze (Lapurdiko herria da, baina behe nafarreraz egiten dute) eta Uztarroze, esaterako.

 

4/ Gertatzen da beste herri batzuen izenekin gauza bera? Bai. Hona adibide batzuk:

·         Montori da euskal forma arautua eta lehenetsia, baina Berorize ere onartzen da, bigarren mailan bezala: “Beste izenak: Berorize”.

·         Urdatx da euskal forma arautua eta lehenetsia, baina Santa Grazi ere onartzen da, bigarren mailan bezala: “Beste izenak: Santa Grazi”.

·         Berantevilla da euskal forma arautua eta lehenetsia, baina Beranturi ere onartzen da, bigarren mailan bezala: “Beste izenak: Beranturi (maila apalagoan)”.