Galdera

 

Chapuza erdal hitzarekin osatu daitezkeen zenbait esaldiren baliokideak. Lardats/lardaskeria ordain egokia da?

 

Data: 2015/03/06



Erantzuna


Chapuza ez da termino bat: hainbat eta hainbat modutan esan liteke bai gaztelaniaz, bai euskaraz, bai beste edozein hizkuntzatan, kuasi-sinonimoak edo itzulinguruak erabilita.

 

1/ Beraz, zuk proposatutako esaldiak (zuk zeuk aitortzen duzu irakasleok halakoak erabiltzen dituzuela ikasleekin, nahiz eta oso motibagarriak ez izan…) hartu, eta haien zuzentasuna eta egokitasuna aztertuko dugu aurrena:

 

·         No me gustan las chapuzas = “Lardaskeririk ez dut gustoko”

a.      Zuzentasuna: Lardaskeria: a itsatsia da; gustoko: gustuko.

b.      Egokitasuna: Ez zaigu oso egokia iruditzen zure esaldia. Ez dauka indarrik, eta ez du betetzen bere funtzioa.

c.       Aukera batzuk hauek izan litezke:

“Niri ez etorri gero lardaskeriekin, e?”

“Ez egin niri lardaskeriarik, gero!”

…eta beste hainbat.

 

·         Esto es una chapuza = Hau lardaskeri(a) bat da / Hau lardaskeria da


a.       Zuzentasuna: Teorian behintzat, ez da komeni lardaskeria hitzarekin eta hura bezalakoekin bat erabiltzea, EIMAren Kalko Okerrak liburuak dioenez (26.-31. orrialdeak):

           *Beldur bat izan nuen // Sekulako beldurra izan nuen 

        *Zarata bat atera duzue // A zer-nolako zarata atera duzuen…!

b.      Egokitasuna: Berriz ere, iruditzen zaigu zure esaldiak ez daukala indarrik, eta ez duela betetzen bere funtzioa.

c.       Aukera batzuk hauek izan litezke:

“A zer-nolako lardaskeria, egin duzun lan hori!”

“Hori lardaskeria hutsa da!”

…eta beste hainbat.

 

 

·         No hay que hacer dibujos o letras que parezcan una chapuza = Marrazki edo hizki lardatsik ez da egin behar / Ahal den neurrian, marrazki edo hizki lardatsik ez da egin behar


a.       Lehenengo eta behin, aitortu behar dizugu oso arraroa egiten zaigula esaldi hori baita erdaraz ere: ez dira ondo ezkontzen parecer aditza eta chapuza bera.

b.      Aukera batzuk hauek izan litezke:

“Ez izan lardatsak marrazkiak (edo hizkiak) egitean”

“Marrazkiak (edo hizkiak) ez lardastu, mesedez”

…eta beste hainbat.

 

·         Esta clase está hecha una chapuza = Gela hau lardats egina da


Ez dugu inoiz entzun “lardats egina”, eta arraroa egiten zaigu; beraz, badaezpada, bestelako esapideak erabiliko genituzke:

“A zer-nolako lardaska, gela hau!”

“Hau lardaskeria, gela honetakoa!

…eta beste hainbat.

 

 

2/ Orain arte eskainitako aukera guztietan, lardats izenondoa eta bertatik eratorritakoak erabili ditugu, zuk zeuk horixe baino ez duzulako erabili adibideotan.

Baina, erantzun laburrean esan bezala, hizkuntza guztietan hainbat eta hainbat esapide erabili litezke horrelako testuinguruetan; ez dago esaterik: «erdarazko chapuza “lardaskeria” esaten da euskaraz».

 

Testuinguru horietan, lardaskeriaz gain, txapuzeria, saskeleria, kaka zaharra, sastarra, zaborra… ere baliatu ditzakezu, adibide batzuk ematearren:

o   “Hori zaborra, zure lana!”

o   “Lan hau kaka zaharra da.”

o   “Zein narras idatzi/marraztu/… duzun!

o   “Ez ibili saskeleriekin marrazkiak egitean!”

o   “A zer sastarra, irudikatu duzun hizkia!”

o   “Ez zaitezte txapuzariak izan lanean!”

o   “Zein lardats eta zikin daukazuen gela! Txerritokia/Txerri-korta dirudi!”

o   “Nolako anabasa, gela honetan daukazuena!”

o  

Jakina, komeni da umeekin ahozko jardunean erabiltzen ditugun esaldi horiek inguruko euskarara (lexikoa, fonetika…) egokitzea. Esaterako, Arrankudiagan: “Ez ibili saskelerijek egiten” eta “Txarri korta bat emoten dau gela honek”; Ordizian: “Ze narrats idatzi dezun!” eta  “Gela honek txerritoki bat ematen du”…

 

 

Azken oharra: lehenengo puntuan, zuzendu egin ditugu hauek:

lardaskeririk → lardaskeriarik

gustoko → gustuko

 

Horrela idatzi behar dira batuan, baina lagunarteko hizkeran “Etzazu lardaskeririk in!” edo “Oso gustokoa det jertse hau” bezalakoak oso naturalak dira.