Galdera

 

'Circuito antirrebote' (elektronikako terminoa): nola eman euskaraz?

 

Data: 2015/03/13



Erantzuna

 

Erreboteak ezabatzeko zirkuitua

 

 

 

1/ Bitxia bada ere, bigarrenez heldu zaigu anti- aurrizkiarekin zerikusia duen kontsulta. Lehenengoa heldu zitzaigunean, erantzun nahiko zabala eskaini genion kontsulta egin zigunari.

 

Bertan esandakoetan oinarritu gara “erreboteak ezabatzeko zirkuitua” formula aukeratzeko. Esaterako, zuk galdetu diguzuna eta datozen hiru terminoek egitura berbera dute, eta beraz konponbide bertsua izan dezakete:

·         (máscara) antigás: gas-maskara (Zehazki) terminoa /

gasetik babesteko maskara azalpena

·         (chaleco) antibalas: baletatik babesteko txalekoa  azalpena

·         (granada) anticarro: tankeak suntsitzeko granada  azalpena

Ikusten duzunez, circuito antirrebote termino horren ordain modura beste termino bat asmatzen ibili beharrean, guk azaldu egingo genuke zertan den kontzeptua: horrexegatik sartuko genuke aditz bat tartean (ezabatu, saihestu…): erreboteak ezabatzeko zirkuitua.

 

 

2/ Guk baino lehenago beste batzuek ere erabili dute bide hori. Euskalbar tresna-barrako leihoan “errebote” idatzi, eta EHUskaratuak gordailuan bilatu dugu ea noizbait erabili den EHUk argitaratutako liburuetan termino hori, bai eta suerte ona izan ere!:

Martín González, J.L. (koordinatzailea): Electrónica digital (2009). Itzultzailea: Elhuyar Fundazioa, Etxabe, I. eta Iza, I.: Elektronika digitala (2010), Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua.

 

Erreferentzia horretako liburuak (ezaguna duzu?) “RS baskula oinarri harturik erreboteak ezabatzeko zirkuituaren eskema” esaldia jasotzen du, eta hori dela eta proposatzen dizugu formula hori erabiltzeko.

 

Egia esan, gure zalantza bakarra izan da zein aditz erabili: gure lehen aukera saihestu aditza izan da (uste dugu egokia izan litekeela, baina adituok erabaki behar duzue zein lehenetsi), baina ezabaturen alde lerratu gara, behin ikusita erabili dela inoiz edo behin.

 

 

3/ Zer da errebotea Elektronikan? Elektronika digitala liburuan, honela definitzen dute:

 

«Erreboteak etengailu edo kommutadoreen kontaktu elektromekanikoetan gertatu ohi diren fenomenoak dira, eta etengailua ixtean kontaktu horietan gertatzen diren bibrazio txikien eraginez agertzen dira.»