Galdera

 

Criterio de búsqueda: nola esan euskaraz? 

 

Data: 2015/04/15



Erantzuna

 

Bilaketa-irizpidea

 

 

1/ Horrelako zalantza bat dugun bakoitzean, Elhuyar eta Zehazki hiztegietara jotzen dugu hitz arruntak direnean, eta Euskaterm terminologia bankura hitz teknikoak direnean. Hirurak dituzu Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran, beste hiztegi askorekin batera.

 

2/ Hona Euskalterm-eko informazioa:

bilaketa-irizpide

(4)

 

 

Definizioa: Erabiltzaileak definitutako informazioa, datu-base bateko elementuak hautatzeko baldintza gisa erabilia.

(gazt. criterio de búsqueda; fr. critère de recherche; ing. search criteria)

 

[Hiztegi terminologikoa] [2011]


Dena dela, tentuz ibili behar dugu Euskaltermekin, gure azken urteotako historia honetan proposatu diren aukera guzti-guztiak biltzen baititu, zaharkituta geratu direnak edo desegokiak direnak ere bai; Euskaltermen bertsio gaurkotuan, berriz, forma batzuek “termino normalizatua/gomendatua” etiketa dute, eta badirudi horiexek hobetsi beharko genituzkeela. Bada, criterio de búsqueda = bilaketa-irizpide terminoak horrelako etiketa du, eta, beraz, lasai asko erabili dezakezu hemendik aurrera. Bide batez esanda: Termino normalizatu hori, esaterako, Bulegotika Hiztegia delakoan ageri da. 2011n argitaratu zen hitz zerrenda hori, eta bertan topatu ditzakezu zurea bezalako zalantza askorentzako erantzunak, edo hurbilekoak.


Oharra: Ikusi dugu web-orri askotan “bilatze-irizpideak” erabiltzen dutela, eta ez daukagu noski ezer horren kontra: guztiz parekoak dira kasu honetan. Kontua da “bilaketa-irizpideak” termino gomendatu modura azaltzen dela Euskaltermen, eta batzuetan komenigarria izaten da erabiltzaile guztiok berdin jokatzea terminoak aukeratzerakoan.

 

Are gehiago: izenburu/etiketa/marka baterako izan beharrean, kontzeptu hori esaldi arrunt batean sartu beharko bazenu, gomendatuko genizuke “X bilatzeko irizpideak” egitura lehenestea, eta ez hitz elkartua.