Galdera

 

“Sentido horario”: nola eman euskaraz? Zentzu horarioa: zuzena da?

 

Data: 2015/04/30



Erantzuna

 

Erloju-orratzen noranzkoa (erlojuaren orratzen noranzkoa)

Ez da zuzena zentzu horarioa

 


1/ Kontuz ibili zentzu hitzarekin! Euskaraz, hiru adiera hauek ditu, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera:

1.      Ongia eta gaizkia bereizteko ahalmena; bereziki, zuzen, zuhur edo egoki aritzen denaren, arinkeriarik gabe jarduten duenaren nolakotasuna.

2.      Esanahia, adiera.

3.      Konortea.


Ez du, beraz, gaztelaniazko sentido zientzietako terminoaren adierarik.



2/ Zientzietako terminoaren euskarazko ordaina noranzko da (gazt., sentido; fr., sens; ing., direction/directional sense).


a/ Hala, higidura linealetan, norabideak bi noranzko ditu (lehenengoa positibotzat jotzen badugu, negatiboa izango da bigarrena).

·         A-tik B-rantz

·         B-tik A-rantz


b/ Biraketetan, berriz, bi noranzkoak (biraketa-noranzkoak) honela definitzen dira:

 

 

Sens trigonométrique

Sens horaire

Gazt.

Sentido antihorario /

Sentido contrario a las agujas del reloj

Sentido horario /

Sentido de las agujas del reloj

Fr.

Sens antihoraire /

Sens inverse (ou contraire) des aiguilles d'une montre

Sens horaire /

Sens des aiguilles d'une montre

Ing.

Anticlockwise (edo Counterclockwise)

Clockwise

Eusk.

Erloju-orratzen aurkako[1] noranzkoa

Erloju-orratzen noranzkoa

 

3/ Euskalterm terminologia bankuan, adibide hauek dituzu:


erloju-orratzen aurkako arku http://www.euskara.euskadi.net/appcont/euskalterm/images/logoEUMe.jpg

gazt.: arco en sentido antihorario

fr.: arc dans le sens inverse d´horloge

ing.: counterclockwise arc

erloju-orratzen araberako arku http://www.euskara.euskadi.net/appcont/euskalterm/images/logoEUMe.jpg

gazt.: arco en sentido horario

fr.: arc dans le sens d´horloge

ing.: clockwise arc

 

Bi termino horiek “termino normalizatua/gomendatua” etiketa dute (http://www.euskara.euskadi.net/appcont/euskalterm/images/logoEUMe.jpg), eta badirudi horiexek hobetsi beharko genituzkeela; beraz, lasai asko erabili ditzakezu hemendik aurrera.



Jakina, ez da derrigorrean txertatu behar noranzko terminoa:

·         Higikari bat “erloju-orratzen aurka (erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan)” edo “erloju-orratzen arabera (erlojuaren orratzen noranzkoan)” biratzen da.

·         Higikari batek “erloju-orratzen aurka (erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan)” edo “erloju-orratzen arabera (erlojuaren orratzen noranzkoan)” egiten du bira.




[1] Edo kontrako, alderantzizko