Galdera

 


Eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzean,AntzerkiaalaAntzerkigintza? Antzerki irakaslea ala antzerkigintza irakaslea? Antzerki saioa ala antzerkigintza saioa? Antzerki emanaldi ala antzerkigintza emanaldia?

 

Data: 2015/05/21



Erantzuna

 

Jarduerak eskaintzean, biak: Antzerkia edo Antzerkigintza (guk antzerkiaren alde egingo genuke); besteetan, antzerki.

 

1/ Ikusi dezagun nola definitzen duen antzerki Euskaltzaindiaren Hiztegiak:


antzerki 1 iz. Jendaurrean gertaera sail bat irudikatzean datzan artea. Ik. Teatro. Atzerriko antzerki horretatik sortuak ditugu Zuberoako pastoralak.

2 iz. Arte horri dagokion literatura generoa; hizkuntza, herri edo idazle baten antzerki lanen multzoa. T. Altzagaren antzerkia. Euskal antzerkia.

 

Euskaltzaindiaren Hiztegiak ez du jasotzen antzerkigintza, baina horrek ez du esan nahi debekatzen duela erabiltzea. Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak eta Elhuyar erakundearen Euskal Hiztegi Modernoak, berriz, jasotzen dute, eta honela definitzen:


antzerkigintza 1 iz. Antzerkiak moldatzeko edo jokatzeko jarduera.

2 iz. Garai edo idazle baten antzerkien multzoa. G. Arestiren antzerkigintza.

 

Beraz, esan liteke kuasisinonimoak direla bi formak zuk eman nahi diozun adieran; areago, Euskal Hiztegi Modernoak honela islatzen du antzerki hitzaren bigarren adiera: Antzertia (artea), jarduera bezala hartua. Antzerki-taldeak. Antzerki-eskola.

 

Horrelakoetan, sinpleenaren edo –batez ere– erabilienaren alde jokatzen dugu beti; kasu honetan, antzerki formaren alde.



2/ Besteak beste, hona zergatik egiten dugun antzerki formaren alde: zenbanahi adibide aurkitu ditzakegulako han-hemenka antzerki formaren gainean eraikita. EHUren Egungo Testuen Corpusean arakatu dugu, eta adibide gutxi batzuk ekarri dizkizugu hona:


Antzerki eskola (antzerki tailer / lantegi / ikastegi / laborategi / ikastaro…):

·         Berria: Maila pedagogikoan, berriz, antzerki eskola sortu dugu, aitzindaria.

·         Berria: Donibane Garaziko Lizeoko antzerki eskolak obra berri bat taularatu du hamargarren aldiko hamar urteetan.

·         Berria: Aktoreak: Pirritx, Porrotx eta Amona Josefina pailazoak; […]; Lasarte-Oriako Landaberri antzerki eskolako gurasoak; Donostiako Zurriola ikastolako antzerki eskolako haurrak ([…]) eta Zarauzko Sidi Mohamed haur sahararra.

Antzerki irakasle (antzerki monitore / aktore / gidoilari / zuzendari…):

·         Berria: Marcel Marceau mimo, margolari, idazle, aktore, antzerki irakasle, baina batez ere, gauza guztien gainetik, pailazoa, larunbatean hil zen, Parisen, 84 urte zituela.

·         Argia: Hainbeste antzerkitan eta zenbait filmetan parte hartzen ikusi ahal izan dugun Teresa Calo, egunkarietako zutabegilea, antzerki irakaslea eta telebistarako gidoilaria ere badugu.

·         Gezurrak, gezurrak, gezurrak, Iban Zaldua: Lehengo egunean eskola garaiko nire antzerki irakaslearekin topo egin nuen kalean.

Antzerki saio (antzerki emanaldi / entsegu…):

·         Berria: Espainiako literaturan mugarri izan diren zenbait obra izango da antzerki saio nagusien ardatza.

·         Gorde nazazu lurpean, Ramon Saizarbitoria: Edonola ere, poztu egin nintzen bilkuraren antolaketa-idazkaria antzerki saioa hastear zegoela eta jaitsi beharrean geundela ohartarazteko jangelan azaldu zenean […].

·         Argia: 150 ekitaldik ez du sosik ikusi, horien artean 75 bat hitzaldi eta 25 kontzertu, bertso eta antzerki saio eta bideo emanaldi daude.

·         Berria: Social Antzokiak bakarrik eten ditu zine programazioa eta antzerki emanaldiak.

·         Berria: Hainbat musika eta antzerki emanaldi antolatu ditu Topaguneak Bizkaiko zenbait herritan; Hiru Trukuk disko berria aurkeztuko du Santurtzin.

·         Argia: Hamaika dantza eta antzerki emanaldi izango da azaroaren 2a bitartean, baita erakusketak, tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak ere.

·         Eichmann Jerusalemen, Hannah Arendt (Koro Navarro): Juizio bat egilearekin hasten eta bukatzen baita, ez biktimarekin, eta horregatik da antzerki-emanaldi baten antzekoa.