Galdera

 

Craneofacial: nola eman euskaraz

 

Data: 2015/09/02



Erantzuna

 


  •  Huesos craneofaciales = Burezurreko eta aurpegiko hezurrak. (Garezurreko…)


  •  Desarrollo craneofacial = Burezurraren eta aurpegiaren garapena. (Garezurraren…)


 

1/ Zein da craneofacial adjektiboaren esanahia? Ikusi dezagun zer dioen Espainiako Errege Akademiak bere hiztegian:


craneofacial. 1. adj. Perteneciente o relativo al cráneo y a la cara.

Beraz, “burezurrari eta aurpegiari dagokiena”.

 

2/ Gaztelaniaz, bi adjektibo elkartuta eraikitzen dira zenbait adjektibo, eta gehienetan haien arteko koordinazioa adierazten du adjektibo berriak:

·         social + económico = socioeconómico

·         bucal + dental = bucodental

·         blanco + azul = blanquiazul

·         agrio + dulce = agridulce

Ikusten duzunez, askotan egokitzapen fonetikoa gertatzen da bien arteko mugan (bucal ® buco / blanco ® blanqui). Horrelakoa da, hain zuzen ere, kontsultako adjektiboa:

craneal + facial = craneofacial

 

3/ Nola euskaratu elkarketa horiek?

Adjektibo kalifikatiboak direnenan, berezko baliabidea du euskarak berak ere elkarketa:

·         Blanquiazul = txuri-urdin

·         Agridulce = gazi-geza

Baina adjektibo erreferentzialak direnean, prozedurak bestelakoak izaten dira:

a)      Mailegu hutsa: sozioekonomiko

b)      Hitz elkarketen koordinazioa: giza eta gizarte zientziak

c)      Deklinabide kasuen bidezko lotura: ahoaren eta hortzen zaintza

 

4/ Kasu honetan, argi dugu deklinabidea erabiltzea dela biderik egokiena oraingoan:

  •       Burezurreko eta aurpegiko hezurrak. (Garezurreko…)

  •       Burezurreko eta aurpegiko gaitzak. (Garezurreko…)

  •       Burezurraren eta aurpegiaren garapena. (Garezurraren…)

 

          Esaterako, horrela jokatu dute EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean. Anatomia I ikasgaiko  eduki teoriko-praktikoetako atal bat hau da: Garezur eta aurpegiaren arkitektura (guk nahiago dugu izen biei atxikita jartzea kasu marka).