Galdera

 

Método autocorrectivo: nola eman euskaraz?


Data: 2015/09/24



Erantzuna

 

Metodo autozuzentzailea (terminoa)

Nork bere jarrera (desegokia) zuzentzeko metodoa (azalpena)

 

 

 

1/ Ikusten duzunez, bi aukera eskaintzen dizkizugu: lehenean, erdarazkoa  bezalako termino bat eraiki dugu; bigarrenean, berriz, euskararen beraren sintaxian oinarrituta, azaldu egiten dugu zer esan nahi duen autocorrectivo delako horrek.

Norako den, bata edo bestea erabili dezakezu, edo bata eta bestea: zuk zeuk erabaki.

 

2/ Oso hedatuta daude gure ofizioan neurri zuzentzaileak eta haren modukoak  gaztelaniazko corrector(a)/corrrectivo(a) adjektiboen ordain gisa. Beraz, ez du merezi burua apurtzea bestelako ordain bat bilatzen.

Beste kontu bat da ea onartu behar dugun erdarazko auto- aurrizkia euskarazko berbak eraikitzeko.

Eta badirudi ez dela egon arazo handirik beste zenbait kontzeptutan erabiltzeko; hala, hitz hauek guztiak jasotzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak: autobiografia, autodefentsa, autodeterminazio,  autodidakta, autogestio, autogobernu, autokritika, autozerbitzu

Horiez gain, Euskalterm terminologia bankuak, esaterako, beste hauek gomendatzen ditu, termino normalizatutzat hartuta: autoarazketa, autodiagnostiko, autoekologia, autosutze, autolikidazio, autorregulazio, autoiraoketa, autosostengatzaile, autofocus

Beraz, gure ustez, ez dago inolako arazorik autozuzentzaile adjektiboa onartzeko.

 

3/ Zenbaitetan, egokiagoa izaten da terminoa erabili beharrean hizkera naturala (edozein euskaldun alfabetatuk ulertzeko modukoa) erabiltzea kontzeptu bat adierazteko. Norberak erabaki behar du noiz zein den prozedurarik egokiena, gorago esan bezala.

 

Esaterako, gaztelaniazko auto- aurrizkiarekin zerikusia daukaten hiru kontzeptu ekarriko dizkizugu adibide gisa:

·         Nork bere enplegua sortzeko ikastaroa: zenbait zentrok horrela formulatzen dute gaztelaniazko curso de autoempleo delakoa.

·         Norberarenganako gorroto: norberaren hizkuntza-ezaugarriak edo -portaerak ezkutatzeko jarrera (Soziolinguistikako terminoa). Gaztelaniaz, autoodio esaten zaio kontzeptu horri.

·         Nork bere burua antolatzeko ahal: gaztelaniaz, potestad de autoorganización (Administrazio arloko terminoa).


4/ Nola jokatu, orduan? Zentzuzko aukera bat zein izan litekeen erakusteko, testu zati hau asmatu dugu:

 

 

 

Metodo autozuzentzaileak

 

Ikasleari bere jarrera edo jokabide desegokiak zuzentzeko aukera eskaintzen dioten metodoak dira metodo zuzentzaileak. Ahal dela, ikastetxe guztietan hobetsi behar dira, haien bitartez errazago egingo baitzaio ikasleari bere nortasuna indartzea, maiz zalantzan jartzen duen autoritate baten erabakiaren zain egon gabe […].