Galdera

 

Bazkalordu ala bazkal-ordu? Jolasordu ala jolas-ordu?

 

Data: 2015/10/13



Erantzuna

 

Bazkalordu

Jolas ordu edo jolas-ordu

 

 

1/ Euskara batuko hitzen formak zein diren jakiteko, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura jo behar duzu (Mozilla Firefox nabigatzaileko Euskalbar tresna barran daukazu hitz zerrenda hori kontsultatzeko bidea, esaterako).

Hona zer jasotzen duen Hiztegi Batuak:

·         bazkalordu

·         jolas-ordu edo jolas ordu

 

2/ Biak dira hitz elkartuak euskaraz. Askotan, zaila egiten zaigu jakitea nola idazten diren: bereiz, marratxoarekin, dena batera… Auzi hori argitzeko, Euskaltzaindiak bere 25. araua (“Hitz elkartuen osaera eta idazkera”) eman zuen argitara 1995ean.

Hitz elkartua nola dagoen osatua, modu batean edo bestean idatzi behar da. Kontua da kasuistika zabala duela hitz elkarketak euskaraz, eta beti ez dela erraza antzematen zein den hitz elkartuaren egitura. Gainera, badira hainbat eta hainbat salbuespen, eta askotan, hitzik ohikoenetan, hiztegira jotzea da biderik seguruena.

Ikus dezagun zer gertatzen den zure bi hitzekin:


a/ Bazkalordu = bazkal (aditzoina) + ordu (izena)

25. arauaren II.3 atalean, Euskaltzaindiak diosku modu horretako elkarteak loturik idazten direla: Jarleku, egongela, aldagela, abiaburu, helmuga, idazmakina, mintzapraktika, salneurri, irakasmaila; agerbide, eskabide, jokabide, komunikabide; agerraldi, egonaldi, emanaldi; galdegai, irakurgai, osagai; pausaleku, sorleku; biltoki, geltoki, erakustoki; jokamolde, pentsamolde; aztergune, lehiakide, sortalde, idazlan, ikerlan; ikasgela, ikastetxe…

Hala, bazkalaitzin, bazkalarte, bazkalaurre, bazkalkide, bazkalondo, bazkaloste

 

 

b/ Jolas ordu = jolas (izena) + ordu (izena)

 

Arauaren II.4 atalean azaltzen da nola jokatu mota honetako hitzekin: marrarekin edo bereiz idatzi daitezke.

 

Eguzki-lore moduko izen-elkarte arruntak. Hemen sartzen dira, bereziki, hiztunak edo idazleak unean-unean eratzen dituen izen-elkarte berri, bizi, ugariak: akordeoi-soinu edo akordeoi soinu, lan-hitzarmen edo lan hitzarmen, batzorde-atal edo batzorde atal, arau-proposamen edo arau proposamen, merkatari-mundu edo merkatari mundu, gizarte-bizitza edo gizarte bizitza, arazo-iturri edo arazo iturri, sakontze-ikastaro edo sakontze ikastaro, osasun-egoera edo osasun egoera, elebitasun-formula edo elebitasun formula, garapen-maila edo garapen maila, ikastetxe-mota edo ikastetxe mota, eskabide-orri edo eskabide orri.

 

Hala, jolas-lagun edo jolas lagun eta jolas-parke edo jolas parke, behar-ordu edo behar ordu, otoitz-ordu edo otoitz ordu…; baina hitzordu (salbuespena), ikastordu, jaiotordu, jatordu, lanordu (salbuespena), afalordu

Egia esan, aurreko puntuko adibidea ere izan zitekeen, interpretatu bailiteke jolas lehen osagaia aditzoina dela eta ez izena, baina bistan dago adituek argi daukatela izen baten gainean eraiki dela elkarketa hori. Beste kasu batzuetan, berriz, badirudi aditzoinaren gainean eraikita dagoela: jolasaldi, jolasbide, jolasgarai, jolasgura, jolaskide, jolasleku, jolastoki…