Galdera

 

Baldintzazko perpausa perpaus nagusiaren ondoan ematen bada, jarri behar da koma?


Data: 2015/10/14



Erantzuna

 

Ez ezinbestean.

 

 

1/ Gure datu basean, baduzu kontsulta honekin zerikusia duen artikulutxo bat: “Nola puntuatzen da menpeko perpausa nagusiaren atzetik badoa?”.

 

2/ Dena dela, baldintzazko perpausekin esaldiak nola puntuatu galdetu diguzunez, uste izan dugu argiago geratu dakikezula beste modu batean azalduta: esaldi bakoitzaren ostean dagoen galdera inplizitutik abiatuta, azken finean puntuazioak perpausak duen funtzioa islatzen baitu, nolabait.


Ikusiko duzunez, baina, nahiko fin ibili behar izan dugu kasuistika bereizteko; pragmatikak diosku, baina, ez dagoela jauzi handirik hirugarren eta laugarren kasuen artean.


a.     Mintzagai funtzioan (aditzaren aurrean). Koma jarri behar da.

Barkatzeko esango balit, noiz joango nintzateke?

Barkatzeko esango balit, bihar bertan joango nintzateke.


b.     Galdegai funtzioan. Ezin da koma jarri.

Zer gertatuko balitz joango nintzateke bihar bertan?

Barkatzeko esango balit joango nintzateke bihar bertan.


c.      Temaren funtzioan (aditzaren ondoren ematen dira, eta testuingurua mugatzen dute). Ez da komarik jarri behar.

Noiz joango nintzateke barkatzeko esango balit?

Bihar bertan joango nintzateke barkatzeko esango balit.


d.     Bigarren galdegaia. Koma jartzen da; edo komatik gorako puntuazioa.

Nora joango nintzateke, eta zer gertatuko balitz?

Bihar bertan joango nintzateke, barkatzeko esango balit.

Bihar bertan joango nintzateke; barkatzeko esango balit, noski.

Bihar bertan joango nintzateke. Barkatzeko esango balit; bestela, ez.


e.     Baldintzaren forma duelarik ere perpaus osagarri baten funtzioa betetzen badu, ez da komarik jartzen.

Nahiago nuke 10etan etorriko bazina.

Hobe lukete independentzia bihar bertan lortuko balute.