Galdera


ADN edo DNA: nola da euskaraz?

 

Data: 2015/01/18



Erantzuna

 

DNA erabiltzea gomendatzen dizugu.

Siglak erabili ezean, azido desoxirribonukleikoa, eta ez  desoxirribonukleiko azidoa.

 

1/ Hitz arruntekin ez bezala, Euskaltzaindiak ez du erabakitzen zein diren euskarazko ordainak hizkera teknikoko berbekin (terminoekin, siglekin…).

Zure kasuan, ADN edo DNA nola izan behar duen komunitate zientifikoak markatzen du, edo komunikabideek berek, gaurkotasun handiko gaia delarik DNArena.

 

2/ Zergatik gomendatu dizugu DNA erabiltzea? Hona arrazoi pisuzko batzuk:

 

a/ Jo dezagun aurrena Berria egunkariaren estilo liburura:

[sigla] DNA. /de-ene-a/ Azido desoxirribonukleikoa (ADN*).

 

Hau da, DNA forma da erabiltzekoa, eta ADN, izartxoak –asteriskoak– adierazten duen legez, baztertzekoa:

Esaterako, honela josi dezakegu esaldi bat: “DNA probak (ez frogak!) oso baliagarriak izan daitezke pertsona baten lotura biologikoa zehazteko.”

 

b/ Jakina denez, erreferentea dugu Elhuyar erakundea zientziaren alorrean. Hiztegian bertan, hiztegi entziklopedikoan, aldizkariko artikuluetan… irizpidea da ingelesezko siglak erabiltzea: RNA eta DNA.

 

c/ Euskarazko testuliburuetan zer-nolako hizkera erabili behar den arautzeko estilo liburua osatzen ari da EIMA erakundea, eta hainbat liburuki eman ditu argitara. Haietako bat, gure auzi honi dagokiona, Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak da, Jose Ramon Etxebarria irakasleak paratua.

Bada, 111. orrialdean, “Azido nukleikoen izendapena eta deklinabidea” azpiatalean, honela dio:

«Euskarazko testuetan, eta bai inguruko erdaretan ere, aldakortasuna dago: DNA/ADN zein RNA/ARN ikus daiteke. Testu arruntetan, ADN erabiltzen da askotan. Dena dela, Biologiako ikasliburuetarako, DNA/RNA formak erabiltzea hobesten du EIMAk

 

3/ Siglen arazoaren gainean, badaukagu artikulu bat gure datu basean, agian interesgarria eta argigarria gertatuko zaizuna, siglak noiz “itzuli” eta noiz jatorrizko hizkuntzako formari eutsi hartzen baitu hizpide.

Kontua da, kasu honetan, gaztelaniaz eta frantsesez maiz erabiltzen direla ADN eta ARN siglak, baina baita DNA eta RNA ere, batez ere puntako testu zientifikoetan. Euskaraz, erakutsi dugunez, badugu gomendio argi bat, baina gaztelaniazkoa eta frantsesezkoa bezalako egoeran gaude: idazle (eta kazetari) askok ez diote jaramonik egiten [(kontra)adibideak ikusteko, egin klik esteka honetan].

Euskaltzaindiak erabaki ez dituenetan, edo gehienon adostasunez hartutako erabakiak – euskara batuaren estandartzat hartu daitezkeenak– ez direnetan, gure ustez, komeni da estandarizazio-arauak edo gomendioak errespetatzea.

 

4/ Siglak erabili ezean, jakina, azido desoxirribonukleikoa esan eta idatzi behar duzu, eta ez  desoxirribonukleiko azidoa: gogoratu euskaraz [izena + adjektiboa] dela hurrenkera (eta adjektiboa da desoxirribonukleikoa).