Galdera

 

Artistaren eta artelanaren izenak: nola idatzi zuzen?

 

Data: 2016/03/02



Erantzuna

 

Leonardo da Vinciren Azken afaria.

 

 

1/ Artistaren izena, non aurkitu?

 

Asko aurreratu dugu Historian mugarri izan direnen izenak euskara baturako finkatzeko orduan. Guk, horrelako zalantza bat daukagunean, EIMAren estilo liburuko zati den Onomastika (Zerrendak) gordailura jotzen dugu.

 

Bertan aurkituko duzu Leonardo da Vinci dela erabili beharreko forma euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez (baita italieraz ere, noski), eta Léonard de Vinci frantsesez.

 

Erne!: da italierazko preposizioa letra xehez idaztekoa da, ez larriz.

 

 

2/ Obraren izena, non aurkitu?

 

‘Euskal Herritik kanpoko artelanak’ da gordailu moduko horretako 4.1. atalaren izenburua; esaterako, hor aurkituko duzu nola eman euskaraz Eugène Ionescok frantsesez idatzi zuen La cantatrice chauve obraren izenburua: Abeslari burusoila (gaztelaniaz, La cantante calva; ingelesez, The bald soprano).

 

Beraz, esperantza izan dugu jasoko zuela Leonardoren maisulana, baina ez da ageri, zoritxarrez. Dena dela, ikusirik italieraz Il Cenacolo edo L'Ultima Cena bi izen dituela baina inguruko hizkuntzetan ia denek itzuli dutela hitzez hitz azken aukera (gaztelaniaz, La última cena; frantsesez, La Cène; ingelesez, The Last Supper; alemanez, Das Abendmahl… ), erraza da izenburuarekin asmatzea: Azken afaria.

 

Azken afaria nonahi aurkituko duzu Interneten, baina, bitxikeria gisa, Anjel Lertxundik Azkeneko afaria darabil argitaratu berri duen Zu liburuan (2015).

 

 

3/ Zein letrakerarekin idatzi behar dira artelanak?

 

Horretarako, EIMAren estilo liburuko beste zati bat hartzen dugu erreferentziatzat: Ortotipografia. ‘Letrakera etzana’ izenburuko ataleko lehen puntuan, honela dio:

 

«Letra etzanez idazten dira argitalpenen izenak: liburuen eta tesien izenburuak, aldizkari (egunkari, astekari, hilabetekari...) eta komiki guztien izenak, ikus-entzunezko (abesti, antzerki, film, disko, irratsaio, telesaio...) guztien izenak eta bestelako artelan (pintura, eskultura...) jakinen izenak.

 

Orixeren Euskaldunak liburua, Mikel Amondarainen Baliabide teknikoak gorren irakaskuntzan tesia, Argia aldizkaria, El Capitán Trueno komikia, Blade Runner filma, Goizean behin irratsaioa...»

 

 

4/ Amaitzeko, eta azken bi puntuak uztartzeko:

Badugu gaur egun beste erreferentzia baliagarria zurea bezalako auziak ebazteko: Berriaren estilo liburua.

 

Bada, ‘Ortotipografia’ atalera jo, eta berretsi digute noski aurreko puntuan adierazi duguna; artelanen izenak etzanez idatzi behar direla:

 

«[Etzanez idaztekoak] Artelanak: margolanak, eskulturak, argazkiak, instalazioak eta abar, baina arkitektura lanak ez, toponimo bihurtu diren neurrian.»

 

Eta adibideak dakartza; haietako bat, eskuartean darabilguna:

 

«Azken afaria margolanaGizona oinez eskultura; Hiru mendi instalazioa

Baina: Guggenheim museoa; Keopsen piramidea»