Galdera


"Chivo expiatorio": Nola eman euskaraz?

 

Data: 2016/04/21 



Erantzuna

 

Hainbat modutan, seguruenik. Guk pagaburua proposatzen dizugu.

 

1/ Gaztelaniaz, badaude gutxienez chivo expiatorio (edo chivo emisario) delakoaren beste bi forma baliokide: cabeza de turco eta víctima propiciatoria.


Hirurak kontsultatu ditugu gure ohiko iturrietan, eta hau izan da bilaketaren emaitza (bateratu egingo ditugu):


·         Elhuyar: bekatari, errudun, petxero, kopla-buruko, turko-buru

·         Zehazki: petxero, pagaburu, kopla-buruko

·         Labayru: errudun, bekatari, hobendun, kulpadun, kopla-buruko, petxero, turko-buru


2/ Guk geuk ez genituzke erabiliko ez bekatari ez errudun/hobendun/kulpadun, bestelako esanahia ere biltzen dutelako, guztiz kontrakoa hain zuzen ere: normalean, errurik eduki ez baina erru guztia botatzen zaionari esaten diote chivo expiatorio.


·         Kopla-buruko

Etimologikoki, gutxi gorabehera da: “denon barregarri edo burlagai geratzen dena koplak ateratzen dizkiotelako”. 

Guk, literatura modernoan, behin baino ez dugu aurkitu: “Uste diat erasoaldi gogorren bat espero dutela, eta norbait behar zutela kopla-buru, Tommo” (Peaceful soldadua, Michael Morpurgo / itzul. Mirentxu Larrañaga, Alberdania, 2006).


·         Petxero

Etimologikoki, da: “petxa (zerga mota bat) ordaindu behar duena”; eta hortik, zabalkuntza semantikoaren bidez, besteen erruak ordaindu behar dituena. Beraz, izan liteke ordain egokia, baina oso litekeena da jendeak ez ulertzea.


·         Pagaburu

Egungo Euskararen Hiztegiak jasotzen du, esanahi honekin: “besteren gehiegikeriak edo hutsak pagatzen dituena”. Aurrekoekin ez bezala, hainbat adibide aurkitu ditugu gaur egungo literaturan (prentsan). Hona hemen haietako batzuk, Berria egunkaritik hartuak:


o   Txirrindularitza dopinaren pagaburua dela esan daiteke?

o   Pagaburu gisa sentitzen al zara, hortaz?

o   EAJk eta EBk aurka bozkatu zuten, eta EAk, txostenaren zati nagusiarekin bat egin zuen arren, «erantzukizun pertsonalen atalean» boto partikularra emango duela iragarri zuen, ez duelako «pagabururik» bilatu nahi.

o   Batzordeak «pagaburuak» bilatu dituela salatu zuen Jose Miguel Fernandezek, eta museoarentzat kudeaketa eredu berria eskatu zuen.


Beraz, gure ustez, bete-betean asmatuko zenuke pagaburu erabiliko bazenu: nahiko gardena da, ez da antzinako tradiziokoa bakarrik, badauka gaztelaniazko formek duten adierazkortasuna…    


·                    Turko-buru

Esan dezakegu guztiz gardena dela, bai gaztelaniaz bai frantsesez pareko formak daudelako: cabeza de turco eta tête de turc. Erruz erabiltzen da gaurko literaturan:


o   «Turko-buru bat behar zen eta ni aukeratu ninduten, garaiko filmik onenaren egilea nintzelako» (Berria).

o   Suntsipen handiko armen gaineko gezurra Etxe Zurian edo CIAn antolatu zen argitu gabe egon arren, Tenet izan da George Bushek behar zuen turko-burua (Berria).

o   «Turko-buru bat behar zuten, herri honen askatasunarekin konpromisoa zuten gazte batzuk kriminalizatzeko saio lardats hori agerian gera ez zedin» (Berria).

o   Adler gelako mutil azkarrena da, eta Sebastianek, bekaizti, ikaskideak bere ingurura bildu eta Adler barregarri utzi ondoan, turko-buru hartzen dute (Batxilerren eguna, Franz Werfel/itzul. Juan Luis Agirre, Igela, 2008)


Beraz, pagaburuk dituen meritu guztiak ditu turko-buruk ere.

Baina guk beti egingo dugu euskara estandarraren alde, eta horretan oso serio hartzen ditugu Berria bezalako komunikabideen joerak, gure ustez horiexek markatu behar baitute zer-nolako euskara erabili behar dugun etorkizunean. Bada, ohar hau aurkitu dugu Berriaren estilo liburuan:

turko buru izan* e. pagaburu izan.


Hau da: ez dute zuzentzat jotzen turko buru (hori adierazten du izartxoak); pagaburu erabiltzea (‘e.’) gomendatzen dute. Guk ere, esanekoak eta zintzoak garelarik, pagaburu erabiltzeko gomendatu dizugu erantzun laburrean.

 

3/ Frantsesez, esan bezala, tête de turc esaten da, eta bai bouc émissaire ere (gaztelaniaz bezala). Nola erran frantses-euskara hiztegi elektronikoan ikusi dugu (aker) pekatzaile izan litekeela horien euskal ordaina, baina ez gara ausartzen hori proposatzen, guztiz ulergaitza izango litzatekeelako Hego Euskal Herriko hizkeretan.

Ingelesez, berriz, scapegoat: hor ere akerrak edo ahuntzak edo auñak dabiltza dantzan!