Galdera

 

Bilboko itsasadarra, Bilboko erreka edo Bilboko ibaia?

 

Data: 2018/02/05



Erantzuna

 

Guk geuk Bilboko itsasadarra aukeratuko genuke

 

1/ Hidronimiaren gainean, Euskaltzaindiak bere 166. araua plazaratu zuen (“Euskal Herriko ibaiak”), baina ez arau horretan, ez Euskaltzaindiaren web orrian dagoen toponimia corpusean, ez dugu aurkitu zein den itsasadarraren izen arautua.

 

2/ Izen arautua diogu, errekek, ibaiek eta bestek ez baitute izenik harik eta geografoek izendatu arte.

Hala, Arrankudiagako amama batek esango dio bilobari: “Zoaz errekara eta batu itzazu dozena erdi zain-belar”. Ez dio Nerbioi esango noski.

Era berean, bilbotar edo erandiotar batek “la ría” esango dio erdaraz (ez “la ría de Bilbao”), eta ibaia edo erreka euskaraz. Gure informante bati –Arrigorriagakoa da bera– behin bakarrik entzun diogu ibaia esaten (beste guztiak errekak dira): Bilboko itsasadarra izendatzeko erabili zuen.

 

3/ Beraz, hidronimoen izenak kultismoak izaten dira, geografoek edo erakundeek erabakitako izenak; hori dela-eta aipatu dizugu gorago “izen arautua”.

Edozein modutan, itsasadar sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian kontsultatu, eta ikusi dugu Bilbokoa aipatzen duela adibideetan:


itsasadar iz. Ibai bat itsasoratzen den lekua, itsasaldien eraginpean dagoena. Bilboko itsasadarra igarotzeko. Txingudi itsasadarrean.


Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko idazkariak Deian idatzi ditu hainbat artikulu horren kontura (http://tinyurl.com/pacur6u). Hona hemen bi artikuluren zatitxo bana:


Bi auzo dira berez Bilboko zaharrenak: Bilbo Zaharra, Ibaiazabal itsasadarraren ezkerraldean, eta Zazpikaleak, gaztelaniaz Siete Calles, nahiz eta azken urteotan gaztelaniaz Casco Viejo deitu.

Dudarik ez dago Getxo eta Portugalete artean itsasoratzen den ibaia Bizkaiko zabalena eta handiena dela, baina duda asko sortzen zaigu nola deitu behar dugun galdetzean. Argi dago izen arruntenak Itsasadarra (la Ría) eta Bilboko Itsadarra

 (Ría de Bilbao) direla, arruntak eta egokiak bestalde. Baina itsasadarra izan baino lehen ibaia da, eta hortik dator arazoa. Irakurleak ongi dakien moduan Basaurin, Urbi izeneko lekuan batzen dira Urduñatik eta Durangotik datozen ibaiak, mendez mende Urduña eta Durango ibaiak deitu izan direnak eta orain Nerbioi/Nervion eta Ibaizabal. Baina zein da Basauritik itsasoraino doan ibaiaren izena? Bilbon itsasadarra dena? Hor dago koska, nahiz eta erantzuna erraza izan: Ibaizabal.


Bidenabar esanda: Ibaizabal da gaur egun erabiltzen dugun izena Durangaldetik Bilbora doan ibaia izendatzeko. Baina dokumentazioan, bestelako izen batzuk ere ageri dira: Amorebietako errekea / Río de Amorebieta, Durangoko errekea / Río Durango… Era berean, Delikan sortu eta Basaurin Ibaizabalekin bat egiten duen ibaiari Nerbioi esaten diogu, baina dokumentazioan Río de Delika, Agua Mayor (Laudioko agirietan)… ere ageri dira: hain zuzen ere, ibaien izen arautuak kultismoak dira!