Aurkezpena

Gasteizko IRALEko irakasle-taldeak EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleei euskarazko prestakuntza eskaintzeko ardura du Araban.

1982ko irailean sortu zen, Donostiakoa eta Bilbokoa baino urtebete geroago. Garai hartan, helburu nagusia irakasleak euskalduntzea eta alfabetatzea zen. Gaur egun, ordea, beharrak aldatu egin dira. Hortaz, eginkizunak aldatu ahala, egoera berrira egokitu behar izan du IRALEk.
Egokitze-lan horretan, lanak atal bat baino gehiago hartu ditu eta, beraz, helburuak ere aniztu egin dira. Gaur egun, gure lanaren nondik-norakoak honako hauetan laburbil ditzakegu:

• Unibertsitatez kanpoko irakasleak euskalduntzen eta alfabetatzen jarraitzea.
• Hizkuntza-gaitasuna hobetzen jarraitzeko baliabideak eskaintzea.
• Ikastetxeetan eta irakaskuntzan laguntza-zerbitzuak eskaintzea, sortzen den materiala zuzentzen laguntzeko.
• Irakasleen ahozko zein idatzizko komunikazioa landu eta hobetzeko orientabideak ematea.

Bestalde, aipatu nahi dugu gu guztion ahalegina, irakastegiko irakasleona zein ikastera datozkigun irakasleena, urrats garrantzitsua dela euskarak gizartean daraman normalizazio-bidean: gure jardunak aukera ematen du irakastegian egindakoak gero ikastetxeetan erabateko proiekzioa izateko. Alde horretatik, orain arte gurekin izan diren ikasketari guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu egindako ahaleginagatik eta ikasitakoa transmititu beharreko tokian ondo transmititzeagatik.

Gure ustez, urteotako lana oparoa izan da. Espero dezagun hemendik aurrerakoa ere halakoa izatea. Horretarako, unibertsitatez kanpoko irakasleak animatu nahi ditugu, gurera etor daitezen. Prest izango gaituzte dituzten premiei erantzuteko eta euskararen normalizazio-bidean elkarrekin aurrera egiteko.