Pasa den ostiralean, Zazpi Aldiz Elur antzezlana ikustera joan nintzen nire taldekideekin batera. Aldez aurretik, antzezlanaren informazioa irakurtzeko aukera izan nuen, baina ez nuen batere irakurri; aurreiritzirik gabe joan nahi izan nuen, garbi, zuri.
Agertokia zuriz estalia zegoen, goxo, gero zetorkigunaren adierazgarri. Estalkia kendu zuten, eta emeki-emeki sartu ziren aktoreak agertokira.
Oso agertoki apala zen. Piano batek, aulki batek eta sabaitik zintzilik zeuden plastiko garden eta fin batzuek hornitzen zuten hura. Antzerkiak aurrera egiten zuen neurrian, elurra adierazi nahi zuten plastiko horiek lurrera botatzen zituzten, elurra zerutik lurrera erortzen den bezala. Horrela, osotasunetik hutsera bidaiatu genuen, bete-beteta egotetik huts-hutsik egotera.
Aktoreak poliki-poliki mugitzen ziren agertokitik egiten zituzten sartu-irtenetan. Indarrez, oihuka, saltoka, algaraka, irribarrez, goxo-goxo… aritu ziren, momentuak eskatzen zuenaren arabera.
Musikariei eta abeslariari buruz zer esan. Pianoak eta gitarrak antzoki guztia bete zuten; horri Maria Basarteren ahots eztia eta, era berean, indartsua gehituz gero, begiak itxi eta momentua gozatzera bultzatu ninduten.
Antzezlan apala, dotorea eta ikaragarri polita iruditu zitzaidan. Edonork ikusteko lana da, gomendagarria. Ahal badut, maiatzaren 2an Barakaldon ikusiko dut, berriro. (Iñigo)
Atxagak, Erlea egunkarian (2009) aipatzen du zer esan zuen ume batek Mikel Laboa hil zelako albistea eman ziotenean: ederra dela halako egun batean hiltzea. Abenduaren bata izan zen egun hura, eta elurra ari zuen. Idazle euskaldunari, umearen esanak Emily Dickinson idazlearen poema labur bat ekarri zion gogora: “Martxoa maite dugu”, We like March, azken lerroek hilabete horretan hiltzea ederra dela diotelako. (Itziar)
Ttanttaka taldeak Laboaren irudia modu erraz eta dotorean jarri du eszenatokian. Elementu gutxirekin hainbat emozio transmititzeko gai izan dira. Piano zuri batekin, gitarrarekin eta akordeoiarekin haren akordeak belarrira ekarri dizkigute. Mikel hil zen egunean, Araban elurra ari zuen, eta elur haren hotza sentitu dugu. Plastiko eta kortxo zurien bitartez, elementu sinpleak izanda ere, efektu ikaragarria lortu dute. (Maitena)
Mikel Laboaren omenez ikusi dugun emanaldia, niretzat erabat hunkigarria izan da. Haren bizitzari buruz asko jakin gabe, gaurkoak balio izan dit Mikel pittin bat gehiago ulertzeko. Haren musika betidanik gustatu izan zait, nahiz eta gehienetan ez ulertu kanten esanahia. Baina, gaurko emanaldiak, abestiek, eta hain modu erraz eta xumean plazaratzeak harritu, hunkitu eta liluratu egin nau. Emanaldiak iraun duen bitartean, nire baitan hau sentitu dut: poza, tristura, pena, barre eta, aldi berean, negar egiteko gogoa. Oso emanaldi biribila izan da. Benetan zoragarria!!! (Marisa)
Tanttaka konpainiak Zazpi aldiz elur ikuskizuna antzeztu zuen pasa den ostiralean, Basauriko antzokian. Ikuskizuna Mikel Laboaren omenaldi gisako laudorioa da. Bernardo Atxagaren artikulu batean oinarrituta dago, eta Laboaren munduari erreferentziaz beterik dago antzezlana.
Nahiz eta dekoratua xumea eta iluminazioa apala izan, antzerkiaren magia erraz sortzen dute musikaren bitartez. Musikariek garrantzi handia dute: gitarra-jotzaileak, piano-jotzaileak eta abeslariak; haien trebeziari esker giro hunkigarria sortzen da. Aktoreen lana ere agerikoa da.
Kulturak eta hizkuntzak nahasten dira zazpi ataletan zehar. Hainbat herritako pasarte eta hainbat hizkuntzatako kantak goza daitezke. Elurra Mikel Laboaren heriotzaren metafora da, eta elurra dela medio kohesionatzen dira elementu horiek guztiak. Ikuskizun ikusgarria, eta, aldi berean, hunkigarria lortu dute. (Gracia)
ZAZPI ALDIZ ELUR Mikel Laboa Basauriko Sozial Antzokian egon izan balitz, ziur nago, bertan egon ginenek egin genuen bezala, luze txalotuko zuela Tanttakak bere omenez estreinatu berri duen antzezlana. (Ainhoa) | | Pasa den ostiralean, martxoaren 21ean, Artazugoikoko ikasle eta irakasleak Basaurira joan ginen Zazpi aldiz elur antzerki-obra ikustera. Antzezlanaren gaia Mikel Laboa abeslariaren bizitza zen, baina oso era poetikoan ikusita.
Antzokira eraman gintuzten,antzezlan bitxi eta ederra ikusteko, non musikaz, abestiez eta istorioez gozatu genuen. Ikuskizunetik pozik atera nintzen goizean eskainitakoarekin. (Santos)
Ostiralean, Mikel Laboari egindako ikaragarrizko omenaldia ikusteko aukera izan genuen. Hantxe ikusitakoa norberaren barrua aberasteko aukera paregabea izan zen. Joan den astean, edozertarako prest joan nintzen Sozial Antzokira. Aurreko jesarlekuetan eseri ginen: agertokitik hurbil esertzeko gomendioa geneukan. Antza, antzezlan hau desberdina zen, hurbiletik ikusi eta gozatu beharrekoa. Mikel Laboaren inguruko topalekua; antzezleak, musikariak eta abeslariak oholtza gainean; haren musika, pasadizoak, kantak eta bizitza, protagonistak. |
Mikel Laboa zenaren omenez egindako ikuskizun honetan, Bernardo Atxaga elurraz baliatzen da antzezlanari tempo berezia eta narrazioari lotura emateko. Ikuskizunaren ardatza Laboaren kantagintza da: txoriak, lanbroak, lekeitioak... Atxagaren, Sarriren, Atahualpa Yupanquiren, Jacques Brelen, kanta herrikoien eta Laboaren beraren letrekin egindako abestiek ondo islatzen dute Donostiako abeslariaren obra handia. Atxagaren testuek azaldu egiten dute Laboaren zaletasuna esperimentaziorako: Aveyrongo basaume autistaren kasua Laboaren lanbidearekin lotzen du. Laboak ondo ezagutzen zuen eroen mundua: bazekien beste mundu batzuk ere bazeudela. Bere psikiatria-formazioak eta eremu horretan egindako lanak bidea ematen zion gaiak beste modu batean egiteko, umoreaz baliatzeko, komunikazioa-inkomunikazioa oso argi azaltzeko. Hori guztiori, ikuskizun hibrido baten plazaratu dute. Musikari bik, abeslari batek eta aktore bik hartzen dute parte emankizunean: Iñaki Salvador (pianoa), Angel Unzu (gitarra), Maria Berasarte (abeslaria), Iñaki Rikarte (aktorea) eta Mireia Gabilondo (aktorea eta zuzendaria); bosten lana oso txukuna da, baina azpimarratzekoa da Iñaki Rikarterena. Kartela Zumetarena da. Arabako ume batek esan zuen bezala, egun guztiak ez dira berdinak hiltzeko. Laboa hil zenean elurra egiten zuen, eta, elurraren edertasuna islatuz, Tanttaka taldeak emankizun estetikoa, ederra eta une batzuetan umoretsua eskaini zigun joan den barikuan, martxoak 18, Basauriko antzokian. (Asun) | Martxoaren 21ean Basaurin egondako ikuskizunaren inguruko kritika laburra idatziko dut. Ikuskizuna eguerdiko hamabietan hasi zen. Lehenengo ilaran jesartzea erabaki ondoren, gozatzeko prest egon nintzen. Benetan merezi izan zuen. Interpreteak ederto aritu ziren antzezten. Harrituta gelditu nintzen agertu ziren bi aktoreekin: Iñaki Rikarte eta Mireia Gabilondorekin. Biak oso ondo burutu zuten eszena bakoitza; euren adierazpena bikaina izan zen. Iñaki Salvador piano-jole ospetsua, beti bezala, bikain aritu zen. Haren momentu aipagarriena, nire ustez, Charles Chaplinen pelikula baten atala nola landu zuen izan zen. Eszenatokian, pianoa jotzearekin batera, erakusten zituzten eszenekin bat egitea lortu zuen, espresuki pianorako egokitutako konponketa zail eta erritmikoarekin, baita estilo apropos eta bikainarekin. Mikel Laboaren hainbat melodia erabili zituen, 1920.urteko musikaren ezaugarriekin bat eginez; bi horien tempoa ederto uztartu zituen, baita melodia eta eszenak ere. Iñakirekin batera, gitarra-jole ona egon zen, Angel Unzu. Hori ere ederto aritu zen, baina bigarren maila batean. Azkenik, esan beharra dago abeslari-lanetan aritu zen Maria Berasarte gutxien gustatu zitzaidana izan zela erabili zuen ahots teknikagatik. Abestu zituen kantak politak izan ziren.Fadoa izan zen dezenteen abestu zuen abestia; beste guztietan, aldiz, ahotsaren kolokazioa desegoki erabili zuen. Adibidez, hainbatetan airea nahiko entzuten zitzaion, erregistro-aldaketak egiterakoan afinazioz baxu gelditzen zen eta. Baina azpimarratu behar da oholtzan besoekin eta oro har, gorputz osoarekin izan zuen adierazpena egokia eta delikatua izan zela. Azkenik, eszenografiak, argiztapenak, jantziek, irudiek eta teknikariek bikaintasunez lortu zuten ikusleengan harridura eta miresmena sortzea. (Iratxe) | |
| ||
Zazpi aldiz elur antzezlan bat da. Antzezlan honetan 5 kidek lan egiten dute: bi antzezlarik, bi musikarik eta abeslari batek. Mikel Laboari eginiko ikuskizuna da. Lanari Atxagak jarri dizkio hitzak, eta testua eta bere ukitu pertsonala bertan daude. Atxagaren mundu literarioan elurrak izugarrizko garrantzia dauka, eta hori ere agertzen da ikuskizun honetan. Laboa hil zen gauean elurra egin omen zuen, eta kontu hori berreskuratu du Atxagak ikuskizunaren baitan. Atxagaren lobak, antza, honelaxe esan omen zion Atxagari: “ Hau hiltzeko egun ederra hau!” Eta, horrela, ikuskizunaren haria bihurtzen da elurra. Zazpi zatitan banaturik dago ikuskizuna. Zati bakoitza lotuta dago, era batean edo bestean, Mikel Laboaren unibertsoarekin, eta, han-hemenka, Laboaren musika eta kantak entzuteko parada daukagu. Ez da bakarrik Laboaren musika entzuten, kantak frantsesez eta gaztelaniaz ere abesten ditu abeslari donostiarrak. Denbora oso ondo jorratuta dago eta detaile guztiak ere oso ondo zainduta daude. Ikuskizun ederra zentzu guztietan eta partaideen lan bikaina. Bukatzeko, aipatu behar da Tanttakak lortu nahi zuena, hau da, Mikel Laboaren nahiak, bizipoza, beldurrak, gauza intimoak eta pertsonalak… agerian daudela ikuskizunean zehar, eta, lehen esan dudan bezala, Atxagaren eskua ere bai. Zer gehiago eska daiteke? (Imma) | Txikia nintzenean, nire herria zuriz janzten zen askotan, negu gorrian. Egun horietako oroitzapen ugari ditut, garai hartako umeek dituztenak: oinetako eta belarrietako ospelak, elurrezko aingeruak, elur-piloten gerrak, elurretan ibili ondorengo arropa bustiak, leihotik begira emandako orduak… Elurra hasi aurretik, bat-batean, epeldu egiten zuen, eta zerua goibel jartzen zen. Elur-malutak geldo lurreratzeak liluratzen gintuen. Leiho ondoan isilik egoten ginen, elurraren soinua entzun nahi izango bagenu bezala. Elurrak islatzen zuen argitasuna magikoa zen. Egunak tristeak ziren, baina edertasunez beterikoak. Elurtearen hurrengo egunetan eguzkiak gogotik jotzen zuen, eta aurreko eguneko tristura alaitasun bihurtzen zen. Gaur egun, ordea, elurra naturaren ezohiko fenomenoa da. Hori dela eta, elurra egiten duen egunean gertatzen dena betiko geldituko da gure oroitzapean. Egun horietako batean hil zen Mikel Laboa. Horrelako beste egun batean, bost lagun bildu ziren, eta Mikelez hitz egiten hasi ziren: haren izaeraz, haren musikaz, haren pasadizoez… Baina oholtza baten gainean egin zuten, eta egiten jarraitzen dute: lehengo egunean, Gasteizen; gaur, Basaurin; egun batzuk barru, Galdakaon… Izan ere, Ttanttaka antzerki-taldeak antzerki-lana prestatu du Mikel Laboaren omenez, Atxagaren testuan oinarrituta. Norbaitek nolako antzerki-lana den galdetuz gero, ez nuke jakingo zer erantzun. Ez da musika, ez da betiko antzerki-lana, ezta bakarrizketa ere. Ikuskizuna dela esango nuke, bestetik gabe; ikusteko ederra baino ederragoa. Abeslariaren, musikarien eta aktoreen sentsualitateak, dotoreziak, sentsibilitateak… gure bizitzan eten bat egitera gonbidatzen gaituzte, elurrak egiten duen bezala. Nik, orain, edonor gonbidatuko nuke antzerki-lan hori ikustera. Lagunarteko epeltasuna gustuko duenak oholtza gainean topatuko du, eta, nahiz eta negu partean ikustekoa den, oraindik udaberriak ez du gainetik kendu neguko malenkonia. Aprobetxa ezazu egoera!!! (Yolanda) | |
“Zazpi aldiz elur” ikuskizuna Mireia Gabilondoren eskutik ikusi dugu Basauriko Sozial Antzokiko oholtzan. Mireia aktorea ez ezik, zuzendaria eta gidoigilea ere bada. Telebistarako egin du lan, batez ere, baina azken urteetan zinemaren munduan ere aritu da. Oraingo honetan, Mikel Laboari egindako omenaldia prestatu du, Bernardo Atxaga eta beste batzuekin batera. Gidoia edo testua Bernardo Atxagak sinatu arren, jakin badakigu ikuskizun honetako partaideek euren esku hartzea eduki dutela. Funtsean, lan honetan Mikel Laboaren bizitzari gainbegiratze azkarra egin da. Izan ere, haren lan osoa ordubetean irudikatzea ezinezkoa izango litzateke. Emaitza polita eta xumea atera zaie. Nik gehiago ikusteko gogoarekin geratu nintzen. “Zazpi aldiz elur” honetan elurrak badu bere zergatia: Mikel Laboa zendu zen egunean, elurra ari zuen Euskal Herriko hainbat lekutan, eta, nire ustez, birjintasuna eta haren bizitzaren amaiera irudikatzen du. Ikuskizuna dotore prestatu dute: kolore zuria —elurrarena— nagusitzen da; plastiko finek modu etereoz apaintzen dute oholtza. Antzezleen lana bikaina izan da, bereziki Iñaki Rikarte arabarrarena, zeinek hunkituta utzi nauen; izan ere, gorputzarekin egindako mugimenduekin eta atera dituen soinuekin denen lana biribildu du. Maria Berasarte abeslari donostiarraren eszenaratzea ere ederra izan da; kalitate handiko ahotsa erakutsi du, eta, horrez gain, haren mugimendu leunek lana biribildu dute, gainerako musikagileen laguntzarekin batera: Iñaki Salvador piano- eta akordeoi-jotzailea eta Angel Unzu gitarrista. Goian esan dudan bezala, oso gustura entzungo nuen gehiago; horregatik, triste geratu naiz Mikel Laboaren omenaldi txiki hau amaitu denean. Ohore bat izango zen hain pertsonaia berezia ezagutzea. Zer triste geratuko ziren ahaide eta lagunak! (Lucia) | < itzuli |